Itxi

Trantsizio energetikoa

Iberdrolak elektrifikaziorako "bide zuzena" eta "helburuak" ezarri beharra defendatu ditu

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Konpainiaren ustez, garrantzitsua da trantsizio energetikoan "pausoa bizkortzea", autonomia, autosufizientzia eta independentzia bezalako kontzeptuak bitarteko.

"Euskadi etorkizunerantz" jardunaldia, Euskalduna Jauregian. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Mario Ruiz-Tagle Iberdrolako CEOak elektrifikaziorako "bide zuzena" egin beharra dagoela defendatu du, "ekonomiak behar duelako", eta garrantzitsua deritzo "helburuak markatzeari". Gainera, trantsizio energetikoan "pausoa bizkortu" behar dela azpimarratu du.

Gogoeta horiek Europa Pressek antolatutako "Euskadi etorkizunerantz" jardunaldiaren barruan egin dira, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Bere hitzaldian, Mario Ruiz-Taglek gogorarazi du Iberdrolak duela bi hamarkada baino gehiago zeukala "oso ikuspegi argia" une horretako energia ereduaren inguruan, "ingurumenaren eta klimaren munduan distortsio larriak" iragartzen baitzituen.

Iberdrolako arduradunak adierazi duenez, Errusiak Ukraina inbaditu eta "ahuleziak" agertu ziren, baina ez ziren sumatzen, eta esan du gerrak agerian utzi duela, ez bakarrik ekintza klimatikoaren ikuspegitik trantsizio energetikoaren beharra, baizik eta beste kontzeptu batzuk ere sortu direla, hala nola autonomia, autosufizientzia eta independentzia, "oso elementu giltzarri" gisa.

Haren aburuz, horrek guztiak funtziona dezan, "pausoa bizkortu" behar da, eta uste du hori dela une honetan atera den "ikasbide nagusia". Ildo horretan, Espainiak abantaila batzuk dituela esan du; haizea, ura eta eguzkia daudelako.

Bestalde, Iberdrolak Euskadirekin duen konpromisoa azpimarratu du, 600 hornitzailerekin eta 1.700 milioi euroko erosketekin, eta nabarmendu du "ongi etorria" dela energia sortzeko "modu ez kutsatzaile" oro.