Bankuak
Hau da Silicon Valley Banken hondamenak orain arte eman duena
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bankuen sektoreak % 7 eta % 10 arteko galerak izan ditu burtsek ireki berritan eta Ibex 35ak % 4a galdu du. AEBetako Gobernuak SVB Finantial bankua itxi zuen ostiralean bezeroek gordailuen zati handi bat atera ondoren.
SVB bankuaren hondamenaren ondorioz, Europako banku nagusien kotizazioetan galerak izan dira gaur burtsak ireki bezain laster, nahiz eta AEBetako Gobernuak eta Erreserba Federalak hainbat neurri hartu dituzten asteburuan diru-gordailuak babesteko. Europako burtsen indize garrantzitsuenek beherako bidea hartu dute. Zer gertatu da egunotan zehazki?
- Silicon Valley Banken (SVB) arazoek bere kotizazioa ezerezera eraman eta finantzen sektorea beldurtu zuten
Silicon Valley Group taldeak, SVB bankuaren matrizak, % 60ko galerak baino handiagoak izan zituen ostegunean, martxoaren 10ean, Nasdaq indizean burtsak ixtera zihoazenean. Teknologien sektorearekin lotura handiak dituen erakunde honek 1800 milioi dolarretako (1704 milioi euro) galerak izango dituela urteko lehen hiruhileko honetan aurreratu zuen eta 1750 milioi dolarren (1656 milioi euro) balioa zuten akzioak saltzen saiatu zen bere kapitalaren egoera onera ekartzeko.
- Silicon Valley Banken akzioak bigarren egunez erortzen jarraitu zuten eta sektorean eragina izan zuen
Silicon Valley Banken (SVB) akzioek beherako bidean jarraitu zuten ostiralean Wall Streeteko Burtsa zabaldu aurretiko jarduera elektronikoetan; berriz ere % 60ko galerak izan zituen. Honek eragin handia izan zuen bai AEBetako bankuen sektorean baita herrialdetik kanpokoetan ere.
- AEBetako erregulatzaileek Silicon Valley Bank itxi eta bertako gordailuak babestu zituzten
Ostiralean bertan, martxoaren 11an, AEBetako erregulatzaileek Silicon Valley Banken itxiera iragarri zuten. Likidezia eta kaudimenik eza argudiatu zituzten eta bertako diru-gordailu guztiak babesteko neurriak hartu zituzten.
- Silicon Valley Banken olatuak Europako bakuak harrapatu zituen
Europako bankuek galera handiak izan zituzten burtsan ostiralean bertan, SVBren krisiak eragindako beldurraren ondorioz.
- AEBetako Gobernuak SVB erreskatatzea baztertu eta erosle bila hasi da
Janet Yellenek, AEBetako Altxorraren idazkariak, igandean jakinarazi zuen ez zutela SVB bankua erreskatatuko. 2008ko finantza-krisiarekiko aldeak markatu nahi izan zituen eta erregulatzaileak bankua erosiko duen norbaiten bila hasi ziren.
- AEBek diru-gordailuak babesteko plana jarri dute martxan eta beste banku bat itxi dute
AEBetako bankuak erregulatzeko erakundeak diru-gordailuak babestuko dituen plan bat jarri zuen martxan igandean, SVBren porrotaren ondoren. Baina bigarren banku bat ere itxi behar izan zuten, Signature Bank, aurrekoaren arrazoi berberak argudiatuta.
- HSBCk Silicon Valley Bankek Erresuma Batuan zuen filiala erosi du libra 1en truke
- Bankuen sektoreak % 7 eta % 10 artean galdu du eta burtsek suspertu ezinik jarraitzen dute
Asteleheneko lehen orduetan bankuek beherako bidean jarraitzen dute. % 7 eta % 10 artean galdeu dute. Ibex 35ari ere eragin dio (%4 galtzen hasi da).
- Goldman Sachsen iritziz, Erreserba Federalak ez ditu interesak igoko
Goldman Sachs etxeko analistek egindako aurreikuspen berrienen arabera, AEBetako Erreserba Federalak (Fed) ez ditu interes tipoak igoko martxoaren 22an izango duen bileran, Silicon Valley Banken porrotaren ondoren bankuen sektorean hasi den krisi honetako gorabeheren ondorioz.
- Biden: "Bankuetako bezeroek gaur bertan izango dute dirua eskuragarri"
Estatu Batuetako presidenteak, Joe Bidenek, herritarrak lasaitu nahi izan ditu. Hedabideen aurrean esan duenez, asteburuan hartutako neurri azkarrek argi eta garbi erakutsi dute AEBetako bankuen sistema segurua dela. Itxitako bi bankuetako bezeroek gaur bertan izango dutela euren dirua eskuragarri ziurtatu du.
- SVB bankuaren porrota eta eurogunean izan dezakeen eragina aztergai Eurotaldean
Europar Batasuneko euroguneko Ekonomia eta Finantzen ministroek bilera egingo dute gaur arratsaldean Silicon Valley Banken porrotaren ondorioz hasi den krisi egoera hau aztertzeko. Euroguneko finantza-sisteman izan dezakeen eragina gertutik aztertu nahi dute.