Dorre eolikoak
350 lanpostu sortuko ditu Iberdrolak eta Haizea Wind Groupek sinatu duten 200 milioitik gorako kontratuak
EITB MEDIA
Haizea Bilbaok hiru pabiloi berri izango ditu eta biltegiratze eremua handituko du, garraio ontzietara eraman aurretik, monopiloteak gordetzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Dorre eolikoen ekoizpenean buru den Haizea Wind Group konpainiak eta Iberdrolaren Scottish Power enpresak 200 milioi eurotik gorako kontratua sinatu dute, Haizea Bilbaok Erresuma Batuko East Anglia Three itsas parke eolikoa 50 monopilotez hornitzeko. Bilboko Portuan izango dituen instalazio berrietarako Haizea Bilbaok sinatzen duen bigarren kontratua da aipatutakoa. Iaz, irailean, Ørsted daniar enpresarekin itxi zuen ituna.
Asteazken honetan, lehen harria jarri dute instalazio berrietan Iñigo Urkullu lehendakariak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Iñigo de Loyola Ortuzar Zierbenako alkateak, Damaso Quintana Haizea Wind Groupeko presidenteak, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Sailaren diputatuak. 150 milioi euro inbertituko dituzte instalazio berri horietan.
Egun, 48.000 metro koadro eta 500 behargin ditu Haizea Bilbaok. Akordio horien izenpetzeari esker, baina, 200.000 metro koadro izatera helduko da.
Gainera, hiru pabiloi berri edukiko ditu, eta biltegiratze eremua handituko du, garraio ontzietara eraman aurretik, monopiloteak gordetzeko. Bestalde, 350 lanpostu berri sortuko ditu.
Esan bezala, Haizea Wind Groupek Iberdrolarentzat eraikiko dituen 50 monopiloteak Erresuma Batuko East Anglia Three itsas parke eolikoko aerosorgailuei eusteko diseinatuko dituzte. Guztira, 1,4 GWeko potentzia izango du parke horrek, eta Erresuma Batuko milioi bat etxe energia garbiz hornituko ditu.