Itxi

Burtsak

Credit Suissek % 24 galdu du burtsan, eta izua zabaldu da Europako bankuetan

EITB Media

Leer en Castellano

Horrela, Espainiako burtsak % 4,37 egin du behera, 2021eko azarotik izan duen beherakadarik handienean. Suitzako banku zentralak eta finantza-erregulatzaileak iragarri dutenez, likidezia emango diote Credit Suisseri, "beharrezkoa izanez gero", inbertitzaileak lasaitzeko saiakera argi batean.

Credit Suisse, New Yorkeko burtsan. Argazkia: EFE

Credit Suisseren akzioek % 24 egin dute behera gaur Zuricheko Burtsan, eta beherakada horrek Europako bankuen beste balore batzuk beherantz eraman ditu. Saudi Banku Nazionalak, bere akziodun nagusiak, finantza-laguntza gehiago emateari uko egin dio, eta egunaren zenbait momentutan % 30 galtzera ere heldu da.

UBS, Suitzako Credit Suisseren lehiakide nagusia, % 8,53 jaitsi da.

Izan ere, AEBko Silicon Valley Banken (SVB) porrotak eragindako krisiak kalte egin dio bankuari, eta Saudi Arabiako bankuko presidenteak adierazi du ez ziola kapital gehiago sartuko.

Credit Suisseren gainbeheraren ostean, arriskuak ihes egin du, eta, ondorioz, inbertitzaileek errenta aldakorra saihestu dute, eta dolarrean eta finantza tentsioen garaian segurutzat jotzen diren beste aktibo batzuetan babestu dira. Era berean, AEB eta Europa atzeraldi ekonomikoan sartzeko beldurra areagotu da.

Horrela, Espainiako burtsak % 4,37 egin du behera, 2021eko azarotik izan duen beherakadarik handienean, Suitzako bankuaren balizko porrotaren beldurrak eraginda.

IBEXeko bankuek egun latza izan dute. Banco Sabadellek % 10,49 utzi du, BBVAk % 9,6, Santanderrek % 6,89; CaixaBankek % 6,72, Bankinterrek % 6,46 eta Unicajak % 6,06.

Parisko burtsaren indize nagusiak, CAC-40ak, % 3,58ko jaitsierarekin itxi du eguna. Societe Generalek uzkurdura historikoa erregistratu du (% 12,18ko galera), eta haren atzetik daude BNP Paribas (% 10,11), Credit Agricole (% 5,21) eta AXA aseguru etxea (% 5,14).

Alemanian, Frankfurteko selektiboa % 3,27 jaitsi da. Deutsche Bankek % 9,2 eta Commerzbankek % 8,7 egin dute behera.

Arreta Europako Banku Zentralean dago. Bihar esango du interes tasak igoko dituen, orain arte jakinarazi duen bezala, edo erabakiren bat hatuko duen. Gainera, zuzenean ikuskatzen dituen Europako bankuekin harremanetan jartzen hasi da EBZ, Credit Suisserekin duten lotura zein den jakiteko.

Suitzako Banku Nazionalak (BNS) eta Finantza Merkatuen Suitzako Agintaritza Ikuskatzaileak (FINMA), helvetiar herrialdeko banku zentralak eta finantza-erregulatzaileak, hurrenez hurren, likidezia emango diote Credit Suisseri, "beharrezkoa izanez gero", ohar bateratu batean jakinarazi dutenez.

Albisteak (1)