Itxi

Credit Suisseren krisia

Europako Banku Zentrala, ataka estuan: banketxeen izuari aurre egin ala iragarritako tasen igoera gauzatu

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

Bi aukeren artean zirt edo zart egin erabaki beharko du Lagardek. Batetik, iragarri bezala eta inflazioari galga jartzeko, diruaren prezioa % 0,50 igo, ala, bestetik, merkatuetako mamuak uxatu eta hazkundea apur bat apaldu (% 0,25 bakarrik igota) ebatzi beharko du.

Lagarde, aurreko agerraldi batean. Artxiboko argazkia: EFE

Egintzat jotzen zena zalantzan dago orain. Credit Suissek burtsan izandako beherakadak —atzokoan balioaren laurdena galdu zuen— Europako merkatuetan eta batez ere finantza sektorean sortutako izuaren testuinguruan, erabaki zaila hartu behar du gaurkoan Europako Banku Zentralak (EBZ). Bi aukera daude, eta zirt edo zart egin erabaki beharko du Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak: ala, iragarri bezala eta inflazioari galga jartzeko, diruaren prezioa % 0,50 igo, ala merkatuetako mamuak uxatu eta hazkundea apur bat apaldu (% 0,25 bakarrik igota). 

Azken asteetan argia zen Europako Banku Zentralaren hautua: erabakita zegoen interes tasak puntu erdia igotzea. Argudiatzen zuenez, inflazioaren kontrako borrokan mezu argia bidali beharra zegoen, Silicon Valley Banken (SVB) porrotak eragindako lurrikara finantzarioa gorabehera. 

Credit Suissek burtsetan atzo jasotako zartakoak, ordea, duda-mudak eragin ditu EBZren gobernu kontseiluan, eta eztabaida latza aurreikusten da. Finantza analisten arabera, gero eta gehiago dira estrategia leunago bat eskatzen duten ahotsak, eta hala, espekulazioak dira nagusi, Lagardek ez ote duen puntu laurdeneko igoera ebatziko. 

Dena dela, aukera horren alde egingo balu, Europako Banku Zentralak sinesgarritasuna galduko luke eta egoeraren larriaz ohartaraziko luke. Gainera, prezioaren gorakadari aurre egiteko borrokan, jarrera epela agertuko luke. Izan ere, egoera kontrolpean egotetik urrun dago Europa. Otsaileko KPIa % 8,5era jaitsi da, baina azpiko inflazioa % 5,6ra igo. EBZren helburua da KPIa % 2ra jaitsaraztea. 

Interes tasen inguruko erabakia jakinarazteaz gain, Eurogunearen inflazio eta hazkunde aurreikuspenen berri ere emango du Lagardek. 

Credit Suisseren egoera

Bien bitartean, Suitzako bigarren banketxea giroa baretzeko ahaleginetan dabil. Goizaldean ohar bidez jakinarazi duenez, 50.000 milioi franko suitzar (50.600 milioi euro) eskatu dizkio maileguan Suitzako Banku Zentralari, "likidezia modu prebentiboan indartzeko". Dirutza bankuaren "egitura sinple eta zentratua" diseinatzeko erabiliko duela zehaztu du. 

Suitzako Banku Nazionalak atzo jakinarazi zuen, behar izatekotan, kapitala utziko ziola Credit Suisseri. Banketxeak likidezia eta kapital baldintza zorrotzak ditu, horren arabera. 

Arazoa aspaldikoa bada ere, atzo lehertu zen, Credit Suisseren akziodun nagusia den Saudi Arabiako bankuko presidenteak adierazi zuenean ez ziola kapital gehiago emango. Hala, helveziar herrialdeak laguntza eskatu zien Suitzako Banku Zentralari berari eta Finantza Merkatua Gainbegiratzeko Suitzako Aginteari. 

Bi erakundeek ohar bateratua atera zuten handik gutxira. Horien esanetan, AEBko zurrunbiloa gorabehera, Suitzan "ez dago kutsatze arriskurik".

Albisteak (1)