PENTSIOAK
Frantziako Gobernuak dekretu bidez onartuko du azkenean erretretaren erreforma
EITB MEDIA
Goizean Senatuan egin den bozketaren ondotik, zalantza zen Frantziako Gobernuak Konstituzioko 49.3 artikulua aplikatu eta legea dekretu bidez onartuko zuen edo ez. Azkeneam, esan bezala, Dekretu bidez aterako du aurrera Macronen Gobernuak erretreta sistemaren erreforma legea.
Frantziako Gobernuak erretretaren erreforma dekretu bidez onartzea erabaki du, eta, hortaz, ez da bozketarik izando Asanblean.
Emmanuel Macron presidenteak, Élisabeth Borne lehen ministroak eta Gobernuko hainbat kidek ostegun honetan egin duten hirugarren bileraren ostean hartu dute Konstituzioaren 49.3 artikulura jotzeko erabakia.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bultzatutako pentsioen erreforma aurrera ateratzeko egun erabakigarria zen gaurkoa: izan ere, Senatuan eta Asanblea Nazionalean bozkatu behar zituzten. Goizean Senatuan egin den bozketan, gehiengo oso zabal batek babestu du lege proiektua: 193 boto alde, 114 kontra eta 38 abstentzio.
NUPES koalizioko diputatu baten protesta. Argazkia: EFE
Baina Asanblea Nazionalean arratsaldean egitekoak zirez bozketan zer gertatuko, zalantza zegoen. Hala, Frantziako Gobernuak Konstituzioko 49.3 artikulua aplikatu eta legea dekretu bidez onartzea erabaki du.
Lege proiektuak erretiro adina 62 urtetik 64 urtera atzeratzea eta pentsio osoa eskuratzeko kotizazio urteak 42 urtetik 43 urtera igotzea aurreikusten du, eta horrek egonezina eragin du gizartean.
Pentsioen erreformaren aurka atzo egindako zortzigarren mobilizazio handiaren biharamunean dator gaurkoa. Legea aurrera aterako balitz ere, langileen ordezkariek ohartarazi dute mobilizatzen jarraituko dutela.
Gaurko egunari begira, sindikatuek beste protesta bat deitu dute Asanblea Nazionalaren inguruetan diputatuei presioa egiteko.