Itxi

Pentsio duinen alde

1.080 euroko gutxieneko pentsioa "berehala ezartzea" eskatu dute EAEko pentsiodunek, 2027ra itxaron gabe

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Milaka pentsiodun batu dira Bilbon, mobilizazioz beteriko asteari amaiera borobila emanez, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa orain ezarri dezaten aldarrikatzeko, eta ez 2027an, Espainiak Gobernuak proposatu duen bezala.

Bilbon izandako manifestazioaren irudietako bat. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuak aste honetan onartutako pentsioen erreformaren aurka manifestatu dira milaka pentsiodun larunbat honetan Bilbon, eta gutxieneko pentsioa jada 1.080 eurokoa izatea aldarrikatu dute (Espainiako Gobernuak proposatutakoaren arabera, 2027ra arte itxaron beharko lukete pentsiodunek).

EAEko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako manifestazioa izan da, eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarri, mobilizazioz beteriko asteari amaiera emateko martxa egin dute larunbat honetan Bilbon. Hiru lurraldeetatik etorritako manifestariak izan dira, eta zapiak lepoan eramanda, "1.080, ahal dugu", "Gobernatzen duen gorabehera, pentsioak defenda ditzagun", "terrorismoa da hila bukatu aurretik dirurik gabe geratzea" edo "Urkullu, entzun, pentsiodunak borrokan" bezalako oihuak izan dira ibilbidean zehar entzungai.

Martxak zenbait trafiko-arazo eragin ditu Bilbo erdialdean, eta pankarta bateratua eraman dute, "Pentsioen murrizketarik ez, 1080 euroko gutxieneko pentsioa" lemapean.

Pentsio duinen alde Blbon izandako manifestazioa. Argazkia: EFE

Bost urtez aldarrikapenak egiten

Euskadiko Pentsiodunen Mugimenduak bost urte baino gehiago daramatza 14 ordainketetan egindako 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen, zahartzaro duin bat izateko gutxieneko diru-sarrera eta genero-arrakala murrizteko neurria eraginkorra direlakoan.  

Jon Fano Mugimenduaren bozeramaileetako batek adierazi duenez, mobilizazio guzti horien helburua da erakunde publikoek "behin betikoz eta berehala 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezarri dezaten".

"Gaur erakutsi nahi dugu, gaurko pentsioak ez ezik, are garrantzitsuago direla etorkizuneko pentsioak, eta horiek defendatzeko asmoz, erakunde sindikal eta sozialen babesa eskatu dugula", gaineratu du.

Bilboko Udaletxeko eskaileretan bukatu dute manifestazioa, duela bost urte mugimendua jaio zen leku berean, alegia. Han bertan, bozeramaileek agiria irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, eta salatu dutenez, "lan-bizitza oso baten ostean, ikusten ari gara zelan, erreformaz erreforma, gure pentsioak murrizten ari direla".

Albisteak (3)

Bideoak (1)