SALAKETA
Osasun sistema pribatizatzeko estatu mailako egitasmoa dagoela salatu du LABek
AGENTZIAK | EITB MEDIA
"Biztanleria aktiboaren gaixotasun arrunten jarraipena ere egingo lukete mutuek plana aurrera ateraz gero", salatu du LABek.Sindikatu abertzaleak plana ez aplikatzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari
LAB sindikatuak salatu duenez, "mutualitate patronalen bidez osasun sistema pribatizatzeko estatu mailako egitasmoa dago mahai gainean". Espainiako Gizarte Segurantzaren eta AMAT mutualitateen patronal elkartearen artean adostutako zirriborro bat dagoela jakinarazi du sindikatu abertzaleak, mutualitateek gaixotasun profesionalen kudeaketa ez ezik, sistemarentzako produktiboak diren pertsonen gaixotasun arruntak ere euren gain hartzea aurreikusten duena.
Igor Arroyo sindikatuko koordinatzaile nagusiak atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez, "osasun sistema publikoaren itxaron-zerrendak arintzeko lankidetza hitzarmena izatearen aitzakiarekin, mutuen patronala biztanleria aktiboaren osasun zerbitzuaz jabetu nahi da, Osasun Sistema Publikoa hustuz".
Planaren berri eman omen zaio jada autonomia erkidego bakoitzari, dagokion osasun sailaren eta mutualitateen artean gauza dezaten. Hori dela eta, "pribatizatzeko ahalegin horri ezezko borobila emateko" eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.
Arroyok defendatu zuen osasun sistema publikoaren itxaron-zerrendak arintzeko ez dela pribatizaziora jo behar. Horren ordez, "sektore publikoan inbertitu" behar dela.
Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu zien "konpromiso irmoa har dezatela" langile horien gaixotasun arrunten arreta ez dela mutualitateen esku utziko, eta, aitzitik, "kontrako norabidea" susta dezatela eskatu zien: enpresek gaixotasun profesionalen arreta Gizarte Segurantzarekin hitzar dezatela eta, "ondorioz, kudeaketa osasun-sistema publikotik egin dadila". Arroyok nabarmendu zuenez, "langileen osasunerako bermerik onena sistema publiko indartsua da".