Industria
Arcelor Mittalek 7.000 lagunentzako lan erregulazioa aurkeztu du, tartean Etxebarri, Lesaka eta Legasakoentzat
EITB Media
Zuzendaritzak halabeharrezko ERTEa planteatu du, asteazkenean Xixongo A labe garaian kalteak eragin zituen istripuaren ondoren, eta gutxienez bi hilabetez itxita egoteak siderurgiaren ekoizpen-kate osoari eragiten dio. Sindikatuek kalteen txostena itxaroteko eskatu dute, erabakiak hartzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
ArcelorMittaleko zuzendaritzak Aldi Baterako Lan-Erregulazio Espedientea (ERTE) aurkeztu die sindikatuei ostiral honetan, halabeharrez, asteazkenean Xixongo lantegiko A labe garaian kalteak eragin zituen istripuaren ondoren.
Asturiasko klusterreko plantillako 7.000 langile ingururi eragingo lieke espedienteak. Kluster horrek barne hartzen ditu Etxabarriko (Bizkaia) lantegia, Lesakako eta Legasako Nafarroako lantegiak, Asturiasko guztiak eta Saguntoko lantegia. Ez dute zehaztu lantegi bakoitzeko zenbat langileri eragingo dien espedienteak.
Sindikatuek uste dute enpresak goizegi hartu duela erabakia, eta labean izandako kalteen benetako irismena ezagutu arte itxaroteko eskatu dute.
Siderurgiak espero du astebeteko epean jasoko duela kalteen txostena, berez 2025era arte irautea aurreikusita zeuden instalazioak konpontzeko aukera baloratzeko.
Sindikatuek bilera egingo dute zuzendaritzarekin datorren asteazkenean,eta, hasiera batean hitzarmenaren negoziazioekin jarraitzeko programatuta bazegoen ere, espedientea aztertzeko ere probestuko dute bilera, behin kalteak zenbaterainokoak diren jakinda.
Gertakariaren ondorioz, gutxienez bi hilabetez gelditu beharko dira Xixongo instalazioak, eta horregatik planteatu du enpresak ERTE bat aplikatzea bere plantillako langile guztientzat.