Volkswagen
VW Nafarroak Polo modeloa ekoizteari utziko dio datorren urtean, eta langileei bi urteko ziurgabetasuna ekarri
EITB Media
Sindikatuek ohartarazi dute langileen erdiak lan kargarik gabe geratuko direla 2026an ibilgailu elektriko berria ekoizten hasi arte.
Volkswagen konpainiak Polo modeloa ekoizteari utziko dio datorren urtean Nafarroan, 40 urteren ostean, eta, horrela, bi urteko ziurgabetasuna irekiko da langileentzat. Izan ere, 2026an lehen ibilgailu elektrikoa ekoizten hasi arte, langileen erdiak lan kargarik gabe geratuko direla ohartarazi dute sindikatuek.
Carlos Zalduendo langile batzordeko presidenteak (CCOO) azaldu duenez, zuzendaritzak gaur baieztatu die langileek aspalditik modu ez ofizialean bazekitena: 40 urteren ostean, Polo modeloaren ekoizpena amaitu egingo dela Iruñeko lantegian 2024an.
Horren ildotik, ibilgailu elektrikorako trantsizio prozesu horretan, bi faktorek izango dute eragina ekoizpenean hurrengo urteetan: batetik, lantegia egokitzeko egin beharreko geldialdiak (2024an bertan hasiko omen dira), eta, bestetik, isuriak mugatzeko 2025ean indarrean sartuko diren muga europar berriak. Langileen ustez, muga horien ondorioz, ekoizpena murriztu egingo dute enpresek, inbertsio handiak egin beharko dituztelako lantegietan egokitzapenak egiteko.
"Segur aski, 2024an geldialdi luzeak egin beharko ditugu udan eta neguan; gainera, astean behin itxi beharko dugu, ostiraletan adibidez", aurreikusi du Zalduendok.
Nolanahi ere, 2026tik aurrera egoera zeharo ezberdina izango dela gaineratu du: "Enplegu gehiago izango dugu".
Otsailean, Volkswagenek baieztatu zuen 1.024 milioi euroko inbertsioa egingo duela Nafarroan 2023 eta 2027 bitartean, Landabengo lantegian ibilgailu elektrikoak ekoizteko. Foru erkidegoaren historiako inbertsio handiena izango da.