BANKU FUNDAZIOA
BBK Fundazioak Kutxabanken errotzea bermatu du, 231 milioi eurotik gorako erreserba funtsa eratuta
EITB MEDIA
Legeak ezarritako nahitaezko betekizun bat da 200 milioi euro baino gehiagoko erreserba funtsa izatea. Ezarritako epemuga baino bi urte lehenago bete du BBK-k baldintza hori.
Your browser doesn’t support HTML5 video
BBK Fundazioak eratu du legeak eskatzen dion erreserba funtsaren gutxieneko kopurua, Kutxabanken duen posizioari eusteko —erakunde horren akzioen % 57ren jabe da—. Aurrezki kutxa eta banku fundazioei buruzko 26/2013 Legearen arabera, banku fundazioak 200 milioi eurotik gorako erreserba funtsa sortu behar zuen gutxienez, balizko erreskate bati aurre egiteko gaitasuna izateko. 231 milioi euroko erreserba funtsa eratu du BBK-k.
Xabier Sagredo BKK-ko presidentearen arabera, legeak ezarritako epemuga baino bi urte lehenago bete du erreserba funtsen betekizuna BBK erakundeak, "egindako kudeaketa egokiari esker". Lortutakoa bankuarentzat "mugarri oso garrantzitsua" dela esan dute.
2015ean ekin zion BBK-k erreserba funtsa osatzeari, eta ordutik, urtez urte, ekarpenak egiten aritu da diru-poltsa horretara. Funtsaren zenbatekoa urtero birkalkulatzen da. Horretarako, besteak beste, bankuaren kaudimena eta aktiboen arrisku maila hartzen dira kontuan.
Beste aukerak, erantsi du presidenteak, entitatea burtsara ateratzea edota beste erakunderen batekin bat egitea ziren. "Ez zen erabaki erraza izan, baina bai egokiena. BBK-k erreserba funtsaren zuzkidura aukeratu zuen, bankuarentzat, akziodunentzat eta taldeko gainerako interesdunentzat aukerarik onugarriena zela ondorioztatu baitzen... Burtsara ez ateratzeko erabakiari esker, 2.000 milioi euroko galerak saihestu ziren", zehaztu du.
Bilbon egoitza duen erakundea da BBK Fundazioa, BBK izenarekin ere ezaguna. Aurrezki kutxatik jasotako ondarea eta kultura eta gizarte ekintza mantentzea eta zabaltzea da bere jarduera nagusia. Egun, 35 milioi euro inguruko aurrekontua du egiteko horretara bideratuta.