Itxi

Bozketa

Diputatuen Kongresuak pentsioen erreforma baliozkotuko du gaur

Agentziak | EITB Media

Espainiako Gobernuak nahikoa babes lortu du, PPk eta Voxek bozkatzen dutena gorabehera. Izan ere, koalizio gobernuaren 154 botoei, gutxienez ERCren 13, EAJren 6, EH Bilduren 5, PDeCATen 4 eta Mas Paisen eta Compromisen 3rak gehituko zaizkie.

Pentsiodunen mobilizazioa Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

Pentsioen sistema publikoa erreformatzeko lege-dekretua gaur bozkatuko dute Kongresuko osoko bilkuran, eta Espainiako Gobernuak nahikoa babes lortu du baliozkotzeko, PPk eta Voxek bozkatzen dutena gorabehera. Izan ere, koalizio gobernuaren 154 botoei, gutxienez ERCren 13, EAJren 6, EH Bilduren 5, PDeCATen 4 eta Mas Paisen eta Compromisen 3ak gehituko zaizkie, hau da, gutxienez 185 diputatu, gehiengo osoa baino hamar gehiago.

Horrez gain, Espainiako Exekutiboaren promesa da dekretua lege-proiektu gisa izapidetzea, aldaketak zuzenketa bidez egiteko aukera emateko. EAJk, adibidez, alde bozkatuko du Gobernuak kooperatibisten egoera aztertuko duen konpromisoa hartu baitu.

Gainera, Espainiako Gobernuak inbestidurako bazkideei hobekuntzak agindu dizkie dagoeneko. ERCrekin adostu du seme-alaba bat zaintzeko lanaldia murrizten duten emakumeek % 100 kotizatzea, murrizketa duten aldi osoan. EH Bildurekin konpromisoa hartu du alarguntza-pentsioak pixkanaka igotzeko, lau urteko epean kotizaziopekoekin parekatu arte. Azkenik, PDeCATi elkartasun-kuota progresiboa izatea ziurtatu dio.

Zure interesekoa izan daiteke: Pentsioen erreformaren giltzarriak

'Baby boom'eko belaunaldiaren erretiroa

Espainiako Gobernuak proposatu duen erreformak (Europako Batzordeak eta sindikatuek babestu dute) sistemaren diru-sarrerak handitzea du helburu, 30 eta 40ko hamarkadetan 'baby boom'eko belaunaldiaren erretiroak eragindako finantza-tentsioei aurre egiteko.

Sistema berria apirilaren 1ean sartuko litzateke indarrean. Gehienezko oinarrien eta kotizazioen igoerak, gutxieneko pentsioen hobekuntzak eta pentsioa kalkulatzeko eredu dual bat ezartzea aurreikusten du. Eredu horrek aukera emango du kotizatutako azken 25 urteen edo 29 urteren artean aukeratzeko, azken kasu horretan bi urte okerrenak baztertuta.

Halaber, erreforma berriarekin, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten mutuek ezingo dute Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalera jo, osasun-zerbitzu publikoak alta-proposamena ezesten badu.