Hondoratzea
Itsas robota 'Vilaboa Uno' ontzia hondoratu zen eremua arakatzen ari da, 120 metroko sakoneran
Agentziak | EITB Media
Oraindik desagertuta dagoen arrantzalea ontzi barruan dagoela uste dute askok, eta, besteak beste, hori egiaztatu nahi dute robotaren laguntzarekin.
Guardia Zibilak Vilaboa Uno arrantza-ontzia hondoratu zen eremura bidalitako itsas robota hasi da lanean, 120 bat metroko sakoneran, irudiak lortu eta haren egoera zehatzago ezagutzeko; izan ere, oraindik desagertuta dagoen arrantzalea ontziaren barruan dagoela uste dute askok.
Irudiok aztertuta, Itsas Salbamenduak erabakiko du zein pauso eman.
Gainera, Itsas Istripuak eta Gertakariak Ikertzeko Batzorde Iraunkorra gaur bildu da aurrenekoz, hondoratzearen arrazoiak argitzeko. Lan-istripuan, bi arrantzale hil dira eta hirugarren batek desagertuta jarraitzen du.
Luis Planas Arrantza ministroak egin zuen iragarpena atzo, Miguel Angel Revilla Kantabriako presidentearekin batera, Santanderren Itsas Salbamenduarekin, Kantabriako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteko presidentearekin, Vilaboa Uno ontziko armadorearekin eta marinelen senideen ordezkariekin bildu ostean.
Itsas Salbamenduko egoitzan desagertutako marinela topatzeko lanean jarraitzen dute. Argazkia: EFE
Planasek esan zuenez, Guardia Zibilaren robot horrekin hondoratutako ontziaren egoera ezagutzea da helburua, "Itsas Salbamenduak eman beharreko hurrengo urratsak zehaztu ditzan".
"Gorpua lehenbailehen aurkitzea espero eta nahi dugu", adierazi zuen Arrantza ministroak, eta "ezinezkoa da senitartekoen atsekabea eta mina arintzea", gaineratu zuen.
Ministroarekin batera, Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak egin zuen agerraldia, eta hildako arrantzaleetako baten familiaren "urduritasuna eta larritasuna" ulertzen duela esan zuen.