Itxi

PENTSIOAK

Ezerezean amaitu da sindikatuek eta Frantziako Gobernuak pentsioen erreformari buruz egindako bilera

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Lehen Ministroak ez du testua atzera bota nahi izan eta sindikatuek biharko deituta dauden protesta-ekintzetan modu masiboan parte hartzeko deia egin dute. Pentsioen erreforma atzera botatzea eskatzeko hamaikagarren mobilizazio eguna izango da.

Jakinarazpen bateratua egin dute Frantziako sindikatuek bileraren ondoren. Argazkia: EFE.

Frantziako Lehen Ministroak eta sindikatuek pentsioen erreformaren gainean gaur egin duten bilera "porrotean" amaitu da, amaieran sindikatuek adierazi dutenez, "Elisabeth Bornek ez duelako testu legala atzera bota nahi izan".

Herrialdeko zortzi sindikatu nagusietako ordezkariek jakinarazpen bateratu bat irakurri dute ordubete eskas iraun duen bileraren amaieran. Bornek lanari buruzko beste gai batzuei heltzeko asmoa azaldu badu ere, pentsioen erreforma bertan behera uzten ez duen bitartean, sindikatuek ez bestelako negoziaziorik zabalduko jakinarazi dute egindako adierazpen horretan.

Cyril Chabanierrek, CFTC sindikatuko presidenteak, "porrot behartu" gisa definitu du goizeko bilera. "Lehen ministroak bere testuarekin Aurrera jarraitu nahi duela adierazi du" eta hori "erabaki larria" dela irizten dio, "herritarren gehiengoa aurka daukalako".

CFDTko idazkari nagusi Laurent Bergerrek deitoratu egin du legea onartzeko prozesua ia amaituta dagoenean deitu dituela lehen ministroak. "Oso berandu da" esan du. Bornek mahai gainean jarri zituen gainerako gaiak oso garrantzitsuak direla uste du, baina hauek ere pentsioekin eta erretreta hartzeko adina atzeratzearekin lotuta daudela jakinarazi du.

Sophie Binet, CGT-ko lider berria, gogor aritu da Gobernuaren aurka. Goizeko bilera "alferrikakoa" izan dela adierazi du eta Gobernua "erradikalizatuta, motelduta eta errealitatetik at" dagoela iritzi dio. Horrez gainera, sortu den klima sozialaren erantzukizuna daukala esan du. "Erreforma bertan behera uztea beste irtenbiderik ez duela ulertzen duten arte" mobilizazioekin jarraitzeko deia egin du.

Bestetik, Elisabeth Borne lehen ministroak adierazpen motz bat egin du sindikatuekin izandako bileraren ondoren. Bileran izandako "errespetuzko tonua" azpimarratu du eta sindikatu bakoitzak esateko zuena aditu duela ziurtatu du. Bestelako eztabaida sozialetan sindikatuekin batera egin nahi duela aurrera baieztatu du eta horretarako bere "prestutasuna" adierazi diela jakinarazi du. Alabaina, pentsioen erreforma beharrezkotzat jo du.

Gauzak horrela, sindikatuek bihar deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute; "manifestazioetan ahalik eta langile eta herritar gehienak egotea behar dugu". Pentsioen erreformaren aurkako hamaikagarren protesta-eguna izango da ostegun honetakoa.