Itxi

PENTSIOAK

Gutxienez 150 atxilotu Frantzian, pentsioen erreformaren aurkako 11. protesta egunean

EITB Media

Leer en Castellano

Herrialdeko hiri nagusietan manifestaziok egin dira Gobernuaren eta sindikatuen arteko bileraren porrotaren ondoren. Baionan 15.000 lagun inguru bildu dira antolatzaileen arabera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gutxienea 150 pertsona atxilotu dituzte Frantzian Elisabeth Borne lehen ministroak bultzatu duen pentsioen erreformaren aurkako hamaikagarren protesta egunean. Milaka lagun irten dira kalera hiri nagusietan deitu dituzten manifestazioetan parte hartzera. Protesta egun berria deitu dute sindikatuek apirilaren 13rako.

Hiri batzuetan istiluak ere izan dira: Parisen, Lyonen eta Nantesen, esate baterako. Hainbat lagunek kalteak sortu dituzte hiri altzarietan eta erakusleihoetan, eta lokalen bati su ere eman diote. Poliziak negar eragiteko gasa erabili du manifestarien aurka.

Inoiz baino langile gehiago kalera irteteko deia egin zuten atzo sindikatuek, Gobernuarekin izan zuten bilera ezerezean amaitu ondoren. "Erreforma bertan behera utzi" dezaten presio egiten jarraitu beharra dagoela azpimarratzen dute.

CGT sindikatuko idazkari orokor berria, Sophie Binet, Pariseko manifestazioetako batean izan da. Gobernua "beste errealitate paralelo batean bizi" dela eta "gertatzen ari dena ez duela ulertzen" adierazi du.

Frantzian nagusi den CFDT sindikatuko buruak, Laurent Bergerrek, berriz, "mugimendu honek herritarren babesa izaten jarraitzen" duela azpimarratu du. "Jendeak irmoki deitoratzen du erreforma hau oraindik ere", gehitu du.

Sindikatuek egun osoan zehar egingo diren 250 manifestazio inguru deitu dituzte eta horietan 800.000 lagunek parte hartuko dutela aurreikusi dute. Frantziako Barne Ministerioak 11.000 polizia agente lanera deitu ditu.

Gaur goizean zehar hainbat unibertsitateko sarrerak moztuta egon dira eta eskoletako askok ateak itxi dituzte. Gainera, langile taldeek hainbat enpresa eta multinazionaletako egoitzak okupatu dituzte.

Manifestazio jendetsua Baionan

Ipar Euskal Herriko protestarik jendetsuena Baionan egin dute. Antolatzaileen esanetan 15.000 lagun inguru bildu dira manifestazioan. Poliziak, berriz, 5.000 izan direla adierazi du. Han bildutakoek "batuta egoteko eta presio egiteko unea" dela adierazi dute.

Hala ere, protesten eragina aurreko aldietan baino txikiagoa izan da. Esate baterako, Baionako tren geltokia zabalik eta funtzionamenduan egon da gaur. 

Herrialde osoa Auzitegi Konstituzionalak erreformari buruz apirilaren 14an esango duenaren zain dago.

Bideoak (2)