Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Ugarte (SEA): "Gure enpresa egituragatik, ez dut aukerarik ikusten lau eguneko lan astea ezartzeko"

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

Arabako patronaleko zuzendari nagusiaren ustez, ekimena Araban "txertatzea zaila da" industriak lurraldean duen pisuagatik. "Merkatuak ez liguke utziko", arrazoitu du. Egungo egoera ekonomikoa hizpide hartuta nabarmendu duenez, "jarduna egon badago, baina arazoa dugu ustiapen gastuekin".

Ugarte, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Juan Ugarte SEA Arabako enpresaburuen zuzendari nagusiak ez du bideragarri ikusten lurraldean lau eguneko lan astea ezartzea, batez ere industriak lurraldean duen pisuagatik. 

"Araba Espainiako lurralde industrialena da, asko esportatzen du eta munduan lehiatzen da. Lanorduak murrizten baditugu, kostuak asko igoko dira. Merkatua prest egongo al da igoera horiek onartzeko? Ezezkoan nago", adierazi du.

Valentzia hirian proba pilotua izango dute martxan hilabetez, apirileko astelehenak jaiegunak direla baliatuta: lau eguneko lan asteak mugikortasunean, osasunean, ekonomian eta aisialdian duen eragina neurtuko dute. Radio Euskadiko "Boulevard" saioan ekimena Araban txertatzeko aukeraz galdetuta, komunikazio edo telekomunikazio enpresetan agian balekoa izan daitekeela erantzun du, baina ez enpresa industrialetan.

Egungo egoera ekonomikoa ahotan, Ugartek esan du nazioartean dagoen ziurgabetasunari finantzazio arazoak eta finantza kostuak erantsi zaizkiola orain, eta, ondorioz, ustiapen kostuak "makal" daude. "Jarduna egon badago, baina arazoa dugu marjinekin, horrek guztiak eragina du ustiapen gastuetan", azaldu du. 

Bestalde, EAEko absentismo tasa jaistea "albiste ona" dela nabarmendu du Ugartek —Adeccoren azken txostenaren arabera, Estatuko bosgarren tasa handiena du EAEk—. Dena dela, arazo horrekin "kezkatuta" daudela onartu du: "Ez da logikoa lan baldintza onenak edukita Espainiako absentismo tasa altuenetarikoak edukitzea". 

Azkenik, EAEn dagoen lan gatazka kopuru handiari buruz —2022an, Estatuko greben erdiak gurean izan ziren, Lan Ministerioaren arabera— Ugartek esan duenez, "EAEko lan baldintza onak ez dira mobilizazioei esker lortutakoak". Horren aburuz, "punta-puntako enpresak ditugu eta horri esker ditugu baldintza onenak".

Albisteak (1)