Itxi

Merkatuak

Arrisku-saria berriz ere gora, Irlandarena estreinakoz gaindituz

Erredakzioa

485 puntura igo da, Finlandiak Europako erreskate-funtsa erabiliz herrialdeen zorra erosteko proposamenari ezezkoa emateko aukera mahai gainean jarri ostean. Holandak ere ez du begi onez ikusten.

Burtsaren bilakaera aztertzen.

Espainiako arrisku-sariak gogor egin du berriz gora; 485 puntuko mailara iritsi da. Hala, Irlandarena (483 puntu) gainditu du astelehen honetan, estreinakoz. Izan ere, Europako erreskate funtsa erabiliz herrialdeen zorra erosteko proposamenari ezezkoa emateko aukera mahai gainean jarri du Finlandiak, eta mehatxu horrek eragin du igoera. Holandak ere ez du begi onez ikusten operazioa, baina ez du argi esan ezezkorik emango ote dion.

Hamar urteko bonua

17:00etan, Espainiako bonuaren etekina % 6,36koa zen (Irlandakoa, aldiz, % 6,34koa). Alemaniako bonuaren errentagarritasunarekin (% 1,52) alderatuta, gorantz egin du berriz Espainiako arrisku-sariak, 485 puntuko maila lortu arte. Irlandakoa 483 puntukoan zegoen ordu horretan.

Burtsa gorantz

Espainiako burtsa % 0,31 igo da astelehen honetan, eta 7.100 puntuko mailari eustea lortu du. Saioa ireki eta minutu gutxira, Ibex 35ek puntu erdi egin du behera, ostiralean azken bi urteetako igoerarik handienarekin itxi ostean. Hala ere, orduak aurrera egin ahala, Espainiako burtsa galdutakoa berreskuratzen hasi da, eta 21,80 puntu egin du gora (% 0,31), jarduna 7.124 puntuan bukatuz. Urteko galerak % 16,84koak dira.

Repsol YPFk % 1,07 egin du gora; Telefonicak, % 0,34; eta BBVAk, % 0,11. Iberdrolak, berriz, % 0,03 egin du behera; eta Inditexek % 0,21.




Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)