Kongresua
EH Bilduk eta ERCk Espainiako Gobernuarekin adostutako Etxebizitza legeak alokairuaren prezioa mugatuko du
eitb media
Matutek azpimarratu duenez, legeak "etxebizitza eskubidea aitortuko du azkenean", eta garrantzia sozial eta politiko handia izango duen akordioa" da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EH Bilduk eta ERCk Etxebizitza Lege berria adostu dute Espainiako Gobernuarekin, eta alokairuari mugak jartzeko "tresna" gisa aurkeztu dute, izan ere, erkidegoen eta udalen esku egongo da legeak aurreikusten dituen mugak jartzeko aukera baliatu edo ez erabakitzea.
Oskar Matute EH Bilduren ordezkariak eta Pilar Vallugera ERCkoak prentsaurrekoa eman dute eguerdian Espainiako Gobernuarekin izandako urtebeteko "negoziazio isilaren" emaitzari buruzko xehetasun guztiak emateko.
Matutek azpimarratu du akordioari esker azkenean legeak "etxebizitza eskubidea" aitortuko duela, "bizi baldintzak hobetzen" dituela, eta horregatik jasoko duela onartua izateko behar dituen EH Bilduren eta ERCren 18 botoak Diputatuen Kongresuan. Horren harira, araua legegintzaldi honetan bertan onartzea espero dute.
Diputatuek azaldu dute neurri zorrotzenak udalek edo erkidegoek tentsio handiko eremu izendatutakoetan ezarriko direla. Zein baldintza bete behar ditu eremu (errolda barruti) batek tentsio handiko izan dadin? Maizterrek batez besteko diru-sarreren % 30 baino gehiago bideratzen dutenean alokairu edo hipotekarako eta oinarrizko gastuetarako, edo azken bost urteetan prezioak KPI baino 3 puntu gehiago igo direnean. Bi baldintzetako bat betetzea nahikoa da tentsio handiko eremu izendatu ahal izateko.
Puntu horretan, Matutek gogorarazi du EAEn batez beste diru-sarreren % 30,26 ordaintzen dela etxebizitzagatik, eta ondorioz, "erkidego osoa" izenda daitekeela tentsio handiko eremu. Onartu du erkidego edo udalen borondatea izango dela izendapen hori lortzeko eskera egitea, baina nabarmenduz jada badagoela prezioak mugatzeko "tresna" bat.
Tentsio handiko eremuetako alokairu guztiak erregulatu eta mugatuko dira, "kasu guzti-guztietan". Alokatzaile handi eta txikiei eragingo die, bai indarrean dauden kontratuei, bai berriei.
Mugak kontratu eta jabetzaren arabera ezarriko dira. Hala, alokatzaile txikiek aurreko kontratuko prezioa izango dute oinarri, eta handiei prezioak egonkortzeko indize bat ezarriko zaie.
"Beti KPIaren azpitik"
Neurri orokor gisa, alokairuaren prezioa ezingo da % 2 baino gehiago igo 2023an, eta % 3 2024an. 2025etik aurrera, berriz, oraindik zehazteke dagoen indize bat erabiliko da, baina "beti" egongo da "KPIaren azpitik".
Gainera, "jabe handia"ren esanahia aldatu egin da lege berrian, eta bost etxebizitza dituzten jabeak "jabe handiak" izango dira tentsio handiko eremuetan. Jabe mota horrentzako neurriak ezarriko zaizkie, espekulazioa galarazteko eta "putre funtsei" ateak ixteko helburuarekin.
Etxegabetzeak
Etxegabetzeen kasuan, debekatu egingo dira data eta ordua zehaztuta ez badaude. "Etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduen eskaera historikoa da hori, maizterren zalantza egoera eta babesgabetasuna amaitzeko", ERCren eta EH Bilduren arabera.
Prozesuak bi urte baino gehiago luzatzeko aukera egongo da, eta epaitegietatik kanpoko irtenbide bat eman beharko zaie pertsona zaurgarriei.
Gainera, erkidegoek, etxegabetuei aterpea emateko, baliabide propioez gain Estatuarenak erabili ahal izango dituzte, eta jabe handiak behartuko dituzte alternatiba horien bilaketan parte hartzera.
Higiezin agentzien gastuak
Maizterrak babesteko beste neurri batzuen artean, legea onartzen denetik aurrera etxebizitzaren jabeak ordaindu beharko ditu higiezin agentzien gastu guztiak.
Era berean, debekatuta egongo da alokairuak beste gastu batzuen bitartez garestitzea, komunitate gastuekin, zaborren tasekin edo aurrez adostu gabeko bestelako gastuen bitartez.