Pentsioak
Frantziako Kontseilu Konstituzionalak erretiroa hartzeko legezko adina 64 urtera igotzea babestu du
EITB Media
Aldiz, Konstituzionalak legearen sei artikulu baliogabetu ditu, bereziki enpresa handietan 55 urtetik gorako langileen kontratazioa sustatzeari buruzkoak. Sindikatuek datorren asteartean Macronekin biltzeari uko egin diote, eta mobilizazio egun berri bat deitu dute maiatzaren 1erako.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Frantziako Kontseilu Konstituzionalak, Konstituzioa interpretatzeaz arduratzen den erakundeak, erretiroa hartzeko legezko adina 64 urtera igotzea babestu du, BFM TVk jakitera eman duenez. Horrela, Frantziako Gobernuak bultzatutako erreforma konstituzionalaren zutabe nagusiak babestu ditu Kontseiluak, eta erreferenduma behartzeko oposizioak egindako ekimen bat errefusatu du, Franceinforen arabera.
Aldiz, Konstituzionalak legearen sei artikulu baliogabetu ditu, bereziki enpresa handietan 55 urtetik gorako langileen kontratazioa sustatzeari buruzkoak.
Hala ere, erabakia "aurrekari arriskutsua" da, Gobernuak aurrekontu zuzentzaile bat erabiltzen jarrai dezakeelako "erreforma garrantzitsuak onartzeko", Mathilde Panot Frantzia Intsumisoaren talde parlamentarioko presidenteak ohartarazi duenez.
Nupes ezkerreko koalizioa osatzen duten alderdietako (sozialista, ekologista, komunista) buruzagiekin egindako agerraldian, Panotek ohartarazi du erreformaren aurkako protestekin jarraituko dutela, eta Emmanuel Macron presidenteari erreforma bertan behera uzteko eskatu dio. "Ez da Kontseilu Konstituzionala izango Frantziako herriari iritzia aldaraziko diona", errepikatu du.
Elisabeth Borne lehen ministroak adierazi duenez, Kontseiluak uste du erreforma Konstituzioarekin bat datorrela, "bai funtsean, bai prozeduran". "Testua bere prozesu demokratikoaren amaierara iristen da. Gaur ez dago ez irabazlerik ez galtzailerik ", gaineratu du Bornek Twitterren.
#Retraites | Le @Conseil_constit a jugé, tant sur le fond que sur la procédure, la réforme conforme à notre Constitution.
— Élisabeth BORNE (@Elisabeth_Borne) April 14, 2023
Le texte arrive à la fin de son processus démocratique.
Ce soir, il n’y a ni vainqueur, ni vaincu.
Kontseiluaren erabakia tentsio handiko itxaronaldi baten ostean heldu da, sindikatuek Frantziako Estatu osoan deitutako 230 protestekin, besteak beste, Parisko udaletxe plazan egindako elkarretaratze batekin.
Kontseilu Konstituzionalaren egoitza bera ere blindatuta zegoen ostegunetik, hesi eta jendarmeekin eta inguruetan elkarretaratzeak antolatzeko debekuarekin.
Kontseiluaren erabakia ezagutu baino ordu batzuk lehenago, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "norabidea mantentzearen" eta "amore ez ematearen" alde egin du, Notre Dameko katedralera egindako bisitan. "Ez amore eman, hori da nire leloa. Norabideari eustea da nire leloa ", esan du Macronek Notre Dameko obretara egindako bisitan, sute batek Parisko eta Frantzia osoko ikur handienetako bat partzialki suntsitu zuen laugarren urteurrenaren bezperan. "Helburu bat anbizioz finkatzen duzunean, orduan alda daitezke gauzak", adierazi du agintariak, Franceinforen arabera.
Frantziak eta Ipar Euskal Herriak erreformaren aurkako hamabigarren protesta eta greba eguna bizi izan zuten ostegunean, eta ehunka mila pertsona atera ziren berriro hiri nagusietako kaleetara. Mobilizazioak urtarrilean hasi ziren.
Sindikatuek Macronekin biltzeari uko egin diote eta mobilizazio egun berri bat deitu dute maiatzaren 1erako
Eliseok datorren astearterako deitu ditu sindikatuak, Macronekin bilera bat egiteko. Elisabeth Borne lehen ministroarekin lehen bilera bat izan zen, baina ez zen aurrerapausorik eman.
Hala ere, dagoeneko sindikatu nagusiek uko egin diote Frantziako presidentearekin biltzeari pentsioen erreforma bertan behera utzi arte.
Asteartean Macronekin elkartzeko aukerari uko egin diote sindikatuek, eta legea onartuz gero, "erakunde sindikal bat bera ere ez da Exekutiboarekin bilduko pentsioen erreforma bertan behera uztea ez den beste zerbaiti buruz hitz egiteko", ziurtatu du.
Gobernuaren erreformari 'argi berdea' ez emateko eta Asanblada Nazionalera bueltan bidaltzeko eskatzeaz gain, sindikatuek manifestazio eta lanuzte egun berri bat deitu dute maiatzaren 1erako, Sophie Binet CGTko idazkari nagusiak jakinarazi duenez.
Laurent Berger CFDTko buruak Twitter sare sozialean argitaratutako gutun batean adierazi duenez, erreformaren aurkako borroka "ez da amaitu", eta egungo egoera "berria" dela esan du.
Pour sortir de la crise sociale, la sagesse impose de ne pas promulguer la loi #64ansCestNon pic.twitter.com/5X9RiFdwQW
— Laurent Berger (@CfdtBerger) April 14, 2023