Frantziako Estatua
Macronek Aldizkari Ofizialean argitaratu du jada pentsioen erreforma
agentziak | eitb media
Konstituzionalaren oniritzia jaso ostean, erretiro adina 64 urtera atzeratu du ofizialki Frantziako Gobernuak goizaldeko 04:00etan. Moduarekin oso haserre, protestan jarraituko dute sindikatuek. Macronek telebista bidezko mezua zabalduko du astelehen iluntzean.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ofizial egin du Gobernuak proposatutako pentsioen legearen erreforma, Kontseilu Kunstituzionalak arauaren puntu garrantzitsuenei oniritzia eman eta ordu batzuetara.
Goizaldeko lauak aldera argitaratu da erreforma Aldizkari Ofizialean, Frantziako Estatuan indarrean sartzen diren arau guztiak argitaratzen dituen dokumentuan.
Erretiroari buruzko legearen "lehenengo parrafoan hirurogeita bi hitza hirurogeita lau hitzarekin ordezkatuta", Frantziako Estatuak erretiro adina atzeratu du.
Eliseotik esana zuten Kontseilu Konstituzionalaren onarpenarekin batera iritsiko zela hurrengo pausoa, Macronen sinadura, nahiz eta kalean protestak eta istiluak ugari izan diren erreformaren aurka.
Kontseiluaren oniritziaren ondoren, sindikatuek uko egin zioten Macronen elkarrizketa gonbidapenari, erreformari uko egin ezean ez zirela bilduko erantzunda, eta maiatzaren 1erako manifestazio handi bat deituta.
Irailaren 1era arte ez litzateke lege berria indarrean sartuko eta lehenago, erabakia atzera botatzeko itxaropena dute sindikatuek.
Sindikatuak eta ezkerra, Macronen aurka
Sindikatuek eta ezkerreko indarrek gogor jo dute Macronen aurka; izan ere, legea indarrean jartzeko 15 eguneko epea bazuen ere, presidenteak ez du itxaron eta bart egin du.
Kalean tentsioa etengabekoa den une batean (bart 150 pertsona atxilotu dituzte Parisen eta Rennesen), Macronen izapide azkarrak are gehiago haserretu ditu sindikatuak eta alderdi ezkertiarrak, duela hiru hilabetetik erreformaren aurkako mobilizazioak antolatu dituztenak.
"Macronek Frantzia osoa azpiratu nahi du, gauez, langile guztiei bi urteko askatasuna lapurtuz. Harropuzkeria zentzugabea da. Legea baliogabetzeko borroka duintasun kontu bat da orain", adierazi du Twitterren Jean-Luc Melenchon buruzagi ezkertiarrak.
#Macron a voulu intimider toute la France dans la nuit. Voleur de vie ! Absurde affichage d'arrogance.
— Jean-Luc Mélenchon (@JLMelenchon) April 15, 2023
La lutte pour le retrait de la loi engage à présent une certaine idée de la dignité.
CFDT sindikatu nagusiak protestekin jarraitzeko deia egin du, "haserrea handia" delako.
Mezua frantziarrei
Emanuel Macronek erabakiaren inguruako mezua eta azalpenak telebista bidez emango dizkie herritarrei astelehenean, Eliseotik jakitera eman dutenez. 20:00etan hasiko da telebista bidezko agerraldia.