Etxebizitza legea
Aizpurua: "Espekulatzaileei eta funts putreei atea itxi diegu"
eitb media
EH Bilduko diputatuak adierazi duenez, "urrats txiki bat eman dugu etxebizitzaren arazoari amaiera emateko", baina aitortu du onartu berri duten legearekin ez direla konpontzen arazo guztiak.
Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak nabarmendu du "espekulatzaileei eta funts putreei atea itxi" dietela Espainiako Gobernuarkein adostu duten Etxebizitza Lege berriarekin.
Eledun abertzaleak Donostian emandako prentsaurreko batean, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkategaia eta Maddalen iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusigaia aldamenean zituela, azpimarratu du "urrats txiki bat" eman dutela "etxebizitzaren arazoari amaiera emateko", baina aitortuz ez direla horrekin arazo guztiak konponduko: "Jakin badakigu lortutakoarekin ez direla konpontzen herritarrek etxebizitza eskuratzearekin dituzten arazo izugarriak, baina harro gaude gure lanak eta lortutako akordioak euskal herritar askoren egoera arinduko duelako".
"Etxebizitzarena da euskal herritarren kezka nagusietako bat. Eta ez da gutxiagorako. Euskal herritarrek errentaren %30 baino gehiago bideratzen dute etxebizitzara", azaldu du Aizpuruak, egoera Donostian are gogorragoa dela gogorarazi aurretik. "Gaur esan dezakegu espekulatzaileei eta funts putreei atea itxi diegula Donostia bezalako hirietan, eta horrek harro eta pozik sentiarazten gaitu", gaineratu du.