Itxi

VOLKSWAGEN NAFARROA

Euro 7 araudia malgutzeko eskatuko du gaur Chivitek Bruselan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

2025ean indarrean sartuko den araudi horrek mugatu eta arautu egiten ditu auto berri batek sor ditzakeen emisio kutsagarriak. Nafarroako presidenteak auto elektrikora egokitzeko urtebete edo bi urteko "moratoria" eskatuko dio Europako Batzordeari.

Volkswagen Nafarroa. Argazkia: EFE.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea Europako Batzordeko Industria ordezkari batekin batzartuko da gaur Bruselan, Euro 7 araudia malgutzea eskatzeko. Zehazki, auto elektrikora egokitzeko urtebete edo bi urteko "moratoria" eskatuko dio Europako Batzordeari. 

Itxura guztien arabera, 2025eko uztailaren 1ean sartuko da indarrean Euro 7 araudi berria, 2015etik indarrean dagoen Euro 6 araudi zaharraren ordez. Araudia auto berriek sor ditzaketen emisio kutsagarrien kopuruak mugatu eta arautzeko sortu zuten.

Bilera 11:00etan hasiko da, Bruselan, eta bertan izango dira Michael Hobusch Volskwagenek Landabenen duen lantegiaren presidentea eta Roberto Lanaspa Nafarroako autogintzako klusterreko burua.

Maria Chivitek Nafarroa trantsizio energetikoarekin eta mugikortasun iraunkorrarekin bat egiten duen erkidegoa dela aldarrikatuko du, eta horregatik Euro 7 araudiaren aplikazioa malgutzeko eskatuko du.