Itxi

Bilera 09:30ean

Elkarrizketa Sozialeko Mahaia gaur bilduko da 2023ko lan egitasmoa onartzeko

Agentziak | EITB Media

Hasiera batean, lau eguneko lanaldiaren entsegua egiteko ekimen bat sartu nahi zen, baina azkenean ez da hala izango, Confebaskek aukera horren aurka zegoela adierazi baitzuen.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan sailburua. Artxiboko argazkia: EFE

Elkarrizketa Sozialeko Mahaiak ohiko bilera du gaur, 2023ko ekitaldian garatu beharreko lan egitasmoa onartzeko.

Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek eta CCOO eta UGT sindikatuek parte hartzen dute foro horretan. ELAk eta LABek, aldiz, ez dute parte hartu nahi. Batzarra 09:30ean izango da, Lakuan.

Bileran, Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren 2023ko lan plana onartu beharko da. Hasiera batean, Euskadin lau eguneko lanaldiaren entsegua egiteko ekimen bat sartu nahi zen, baina, azkenean, ez da hala izango, Confebask aukera horren aurka agertu baitzen, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzaren apustua proiektu hori esparru horretatik kanpo bultzatzea da.

Hala ere, Lan eta Enplegu Saileko iturriek adierazi dutenez, proiektu hori foro horretatik kanpo landuko da horren diseinuan parte hartu nahi duten eragileekin.

Bilera amaitutakoan, Idoia Mendia mahaiko presidenteak eta hala nahi duten gizarte-eragileen ordezkariek agerraldia egingo dute.