Itxi

Hezkuntza

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako grebak negoziazioen "blokeoa" salatu du

EITB MEDIA

Leer en Castellano

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuem hitzetan, % 65ekoa izan da grebaren jarraipena. Kristau Eskolak, ostera, % 20an kokatu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta, greba eguna izan da gaurkoa Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan, eta, sindikatuon esanetan, % 65ekoa izan da jarraipena. Kristau Eskolak, aldiz, % 20an kokatu du lanuztearen jarraipena, eta elkarrizketan eta negoziazioekin jarraitzeko deia egin du.

Miren Zubizarreta ELA sindikatuko ordezkari eta gainerako zentralen bozeramaileak Bilbon deitutako manifestazioa hasi aurretik esan duenez, lanuzteak "jarraipen zabala" izan du Jaurlaritzak ezarritako "gehiegizko zerbitzu minimoak" gorabehera. Aipatzekoa da, horren esanetan, Bizkaian izandako "eragin nabarmena". Halaber, goizean izandako martxan 5.000 langile inguru batu izana aipatu du jarraipen handi horren erakusle.

Grebak gaurkoan izan duen jarraipena eta manifestazioak izan duen babesa ikusita, patronalei "edukiak izango dituen proposamen bat helarazteko" eskatu die Zubizarretak. "Horrela izan ezean, greba eta mobilizazioak indartu beste biderik ez dugu izango", ohartarazi du.

Azaldu duenez, hitzarmena 2021eko abendutik dute iraungita, eta ordutik 13 bilera egin dituzte patronalarekin, berria negoziatze aldera. Duela hilabetetik, "ez atzera ez aurrera" dago negoziazioa, eta patronalen "immobilismoa" eta "proposamen falta" salatu dituzte. 

Besteak beste, hauek dira sindikatuen eskari nagusiak: lan-zama arintzeko neurriak, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzak, KPIaren araberako soldata igoerak, lanpostuei eusteko neurriak eta Lanbide Heziketarako hobekuntzak. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna zaintzeko planak ere sindikatuen jomugan daude.

Jose Antonio Gonzalez CCOOko kidearen hitzetan, martxoan aldarrikapenen txosten bat helarazi zieten patronalei, baina ez dute erantzunik jaso. Gonzalezek nabarmendu du espero dutela gaurko grebaren ostean negoziazioari berriz heltzea. 

Jaurlaritzak gaur aurkeztu duen Hezkuntza legearen aurreproiektuaz galdetuta, sindikatuetako ordezkariek ez dute erantzun nahi izan.

Bestalde, Kristau Eskolako zuzendari nagusiak, Maria Eugenia Iparragirrek, Euskadiko 120 ikastetxe kristau baino gehiago biltzen dituen patronalaren borondatea azpimarratu du, "soldata eta ordutegi baldintzak hobetzeko", "ikastetxeen iraunkortasuna hezkuntza itun berriaren esparruan" mantenduz, baina hori "Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskutik bakarrik" egin daitekeela errepikatu du.

"Inorentzat ez direla une errazak jakinda, elkarrizketa eta negoziazioekin jarraitzea eskatzen dugu, eta inplikatutako eragile guztiekin elkarrizketei eusten diegu: sindikatuekin eta Eusko Jaurlaritzarekin", esan du.

Kristau Eskolak eta IZEAk "bi proposamen" aurkeztu dituztela ziurtatu du, baina sindikatuek ez dituztela onartu, "2022-2024 aldirako aldarrikapenak betetzen ez dituztelako". Patronalak "langile gehienen erantzuna" eskertu du, eta familiei "lasaitasun mezua" helarazi die.

Bideoak (1)