LAN GATAZKA
Artxandako tunelak itxita egongo dira hiru egunez, gaurtik hasita, langileen greba tarteko
EITB Media
ELA sindikatuak egin du greba deialdia, lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko.
ELA sindikatuak hiru greba egun deitu ditu Artxandako tuneletan, gaurtik, apirilak 28, igandera, hilak 30, lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko. Gainera, manifestazioa egingo dute 13:00etan, Mazarredo zumarkaletik abiatuta.
Sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, enpresak ez du eskaintzarik egin lan hitzarmena berritzeko, eta, gainera, lan baldintzak aldatu nahi ditu hainbat taldetan.
Testuinguru horretan, ELAk langileen aldarrikapenei heltzeko eskatu die Bizkaiko Foru Aldundiari (Interbiak) eta zerbitzua eskaintzen duen Transbisa enpresari.
Bestalde, ELAk demanda jarri du auzitegian grebarako eskubidea urratzeagatik. Sindikatuaren arabera, apirilaren 15 eta 16ko greba deialdian, enpresako zuzendaritzak ordezkatu egin zituen langileak.