Itxi

Estatu Batuak

JPMorganek First Republic Banken aktiboak erosi ditu, AEBn bi hilabetean porrot egin duen hirugarren bankua

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

AEBko agintariek esku hartzea eta bankua ixtea erabaki dute, "gordailugileak babesteko".

First Republic bankuaren bulego bat, New Yorken. Artxiboko argazkia: EFE

Estatu Batuetako zerbitzu arautzaileek astelehen honetan iragarri dutenez, JPMorganek First Republic Bank (FRB) bankuaren aktiboak erosi ditu, "gordailugileak babesteko" esku hartu eta itxi ostean. Bi hilabetean herrialdean porrot egin duen hirugarren entitatea da.

Gordailu Aseguruen Korporazio Federalak (FDIC) ohar baten bidez jakinarazi duenaren arabera, "gordailugileak babesteko" saldu dizkio aktiboak JPMorgan Chaseri.

Hala, First Republic Banken gordailu guztiak eskuratzeko eskaintza aurkeztu ostean, JPMorganek "gordailu guztiak" eta "First Republic Banken aktibo ia guztiak" bere gain hartuko dituela azpimarratu du. "Transakzioaren barruan, First Republicek zortzi estatutan dituen 84 bulegoak JPMorgan Chase enpresaren sukurtsal gisa irekiko dira, gaurtik aurrera eta merkataritza ordutegian", zehaztu du.

Iragan martxoan, AEBko 11 banketxek First Republic Bank erreskatatu zuten, 30.000 milioi dolarreko injekzioa eginda. Apirilaren 13an, First Republic Bankek 229 milioi dolar inguru zituen guztira aktibotan eta 103.900 milioi gordailutan.

FRBk 173.000 milioi dolar inguru ditu gaur egun mailegutan, 30.000 milioi baloretan eta 92.000 milioi gordailutan, eta horiek "FDICen babespean egoten jarraituko dute".

Bankuak % 50 egin zuen behera asteartean, % 30 asteazkenean eta % 40 baino gehiago ostiralean, azken itxiera egunean.