Lan gatazka
Maiatzaren 10etik 25era grebara deitu ditu Bizkaiko erresidentzietako langileak ELAk
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Asanblea bukatu dutenean, langileek salatu dute Bizkaiko Foru Aldundiek eta sektoreko patronalek (Gesca, Lares eta ELBE) ez dutela akordio batera iristeko "ezelako asmorik", eta ohartarazi dute "borrokan" jarraituko dutela euren aldarrikapenak betetzen dituen hitzarmen bat lortu arte.
ELA sindikatuak beste greba deialdi bat egin du Bizkaiko erresidentzietan, maiatzaren 10etik 25era, "lan hitzarmen berria" aldarri hartuta, eta beharginei "hilabete amaierara iristea eragozten dieten lan baldintzak hobetzea" eskatzeko. ELAk du gehiengoa (% 66ko ordezkaritza) sektore horretan.
Gaur, asteazkenarekin, asanblea egin dute langileek, eta aho batez onartu dute greba deialdia.
52. lanuzte egun honetan, gaur arteko azken greba deialdiari emango diote amaiera.
Asanblea bukatu dutenean, langileek salatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta sektoreko patronalek (Gesca, Lares eta ELBE) ez dutela akordio batera iristeko "ezelako asmorik", eta ohartarazi dute "borrokan" jarraituko dutela euren aldarrikapenak betetzen dituen hitzarmen bat lortu arte.
Hain zuzen ere, soldata igoera eskatu dute erresidentzietako beharginek, pribatizatu gabeko zaintza zerbitzuetan dituzten lan baldintzekin parekatuz. Lan egonkortasuna ere badute aldarrikapen, alegia, egun osoko lanaldiak, bai eta lehenengo egunetik ordezkapenak egitea eta 60 urtetik gorako langileei lanaldia murriztea ere.
Eusko Jaurlaritzak gatazka honetan erakutsitako jarrera kritikatu du ELAko ordezkari Iratxe Viejok, patronalaren alde agertu dela eta mobilizazioa "ikusezin" bihurtzen ari dela iritzita; izan ere, "gehiegizko gutxieneko zerbitzuak" ezarri ditu Jaurlaritzak, eta horrekin langileen % 80ri eragotzi die greba egiteko aukera.
LABek eta CCOOk ere greba deitu dute, nork bere aldetik, Bizkaiko adinekoen egoitzetan. Maiatzaren 15etik 20ra (biak barne) deitu ditu lanuzteak LABek, eta maiatzaren 22tik 24ra (biak barne) eta ekainaren 12tik 16ra (biak barne) CCOOk.