Kargatzen...
Itxi

ENPLEGUA

1.191 langabe gutxiago zenbatu dituzte apirilean EAEn, eta 1.106 gutxiago Nafarroan

EITB Media

Leer en Castellano

Guztira, 108.001 langabe daude EAEn eta 30.844 Nafarroan. Afiliazioari dagokionez, apirilean 997.243 pertsona zeuden EAEn Gizarte Segurantzan izena emanda, eta 303.769, Nafarroan.

Erregistratutako langabezia. Grafikoa: EITB Media

1.191 langabe gutxiago zenbatu zituzten apirilean Euskal Autonomia Erkidegoan, martxoko datuekin alderatuta (% 1,09ko jaitsiera), eta 1.106 gutxiago Nafarroan (% 3,46ko jaitsiera). Guztira, 108.001 langabe daude EAEn eta 30.844 Nafarroan. 

Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak gaur zabaldutako datuen arabera, urte arteko datuei erreparatuta, 7.553 langabe gutxiago zenbatu dituzte Lanbiden apirilean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (% 6,54ko jaitsiera). Nafarroan, berriz, iazko datuak kontuan hartuta, 2.582 langabe gutxiago (% 7,72ko jaitsiera) zenbatu dituzte Nafarroako enplegu-agentzietan. Halaber, adin-tarte guztietan jaitsi da langabezia, bereziki gazteen artean, eta Nafarroako enplegu agentzietan.

Langabeziak behera egin du berriro EAEko lurralde guztietan, gizonen eta emakumeen artean, adin-tarte guztietan eta sektore guztietan. Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, Gipuzkoan 226 langabe gutxiago daude (% 0,79 gutxiago), Bizkaian 654 gutxiago (% 1,07) eta Araban 311 gutxiago (% 1,61). Iazko hilabete bereko datuekin alderatuta, jaitsiera % 8,40koa izan da Gipuzkoan (2.287 gutxiago), % 6,67koa Bizkaian (4.338 gutxiago) eta % 3,19koa Araban (628 gutxiago).

Afiliazio datuei dagokienez, apirilean 997.243 pertsona zeuden EAEn Gizarte Segurantzan izena emanda, martxoan baino 2.588 gehiago. Langabezia datua 2008tik izandako txikiena da eta afiliazioa, ostera, inoizko handiena. Nafarroan ere gora egin du azken hilabetean afiliazio kopuruak, 2.832 gehiago baitira, 303.769ra iritsita.

Espainiako Estatuan, 2.788.370 langabe zeuden erregistratuta apirilean enplegu bulegoetan, martxoan baino 73.890 gutxiago (% 2,58ko jaitsiera). Iazko apiriletik hona jaitsiera % 7,75koa izan da (234.133 langabe gutxiago).

OHARRA: Eduki honek grafiko interaktibo bat du, app-tik kanpo behar bezala ikusteko, jarraitu esteka honi.

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa

Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordearen agerraldiaren aurretik, Bingen Zupiria bozeramaileak apirileko langabezia datuen lehen balorazioa egin du.