Araba
EAEko pentsiodunek martxa bateratua deitu dute Gasteizen maiatzaren 25erako
Agentziak | EITB Media
Gainera, EAEko pentsiodunen mugimendua hilaren 13an ere aterako da hiriburuetan, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko.
Euskadiko pentsiodunen mugimenduak manifestazioak deitu ditu maiatzaren 13rako EAEko hiriburuetan eta hil bereko 25erako Gasteizen, Espainiako Gobernuari eta alderdi politikoei 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko, besteak beste.
Ohar batean, mugimenduaren esanetan, Espainiako Gobernuak onartutako pentsioen erreformak ez ditu barne hartzen azken bost urte luzeotan kaleetan egindako eskaerak.
Pentsioa kalkulatzeko, kotizatutako urteen aldia 25 urtetik 29ra igotzeari uko egin diote, eta 2011 aurreko 15 urteetara itzultzeko eskatu dute.
Gutxieneko pentsioen igoera ez da 1.080 eurora ere iristen, salatu dute. "65 urtetik gorako pentsiodun batez ari gara, ezkontidea bere kargura ez duena. Gobernuaren taularen arabera, haren pentsioa 2023an 743 eurokoa izatetik 2027an 873 eurokoa izatera igaroko litzateke, urte horretan batez besteko errentaren % 60 aplikatu ondoren".
Era berean, enplegu pentsio-plan kolektiboek lan-errenta gisa kotizatu eta ordaintzea aldarrikatu dute, eta neurri eraginkorrak eskatu dituzte soldatetan eta pentsioetan genero-arrakala desagerrarazteko.