Etxebizitza
Espainiako Gobernuak etxebizitzak erosteko ICOren abalak onartuko ditu gaur
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak asteburuan iragarri zuenez, seme-alabak dituzten familien eta 35 urterainoko gazteen hipoteka-kredituaren % 20raino estaliko dute abalek.
Ministroen Kontseiluak gaur baimenduko du ICOren abal-lerro bat sortzea, haurrak ardurapean dituzten familien eta 35 urtetik beherako gazteen hipoteka-kredituaren % 20raino estaliko duena. Horrekin batera, beste neurri batzuk ere onartuko ditu, parke publikoa handitzeko 60.000tik gora etxebizitza sustatzeko.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak asteburuan aurreratu zuenenez, ICOren lerro berria urtean 37.800 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei zuzenduta dago, eta 50.000 pertsonari egin liezaieke mesede, Garraio Ministerioaren arabera.
Ministerioko iturrien esanetan, etxebizitzen batez besteko prezioak lurraldeka aztertzen ari dira, "erkidegoen araberako aldeak ezartzeko" abalen lerro horretan.
Halaber, Ministroen Kontseiluak beste hitzarmen bat sinatzeko baimena emango dio Garraio Ministerioari, Europako funtsetatik 4.000 milioi euroko beste ICO lerro bat sortzeko, alokairu eskuragarriko 43.000 etxebizitza sustatzeko jarduketak finantzatzeko, etxeak eraiki eta zaharberritzeko.
Era berean, Defentsa Ministerioaren lurretan 20.000 etxebizitza sustatzeko planari oniritzia emango dio, Raquel Sanchezek zuzentzen duen ministerioan etxebizitza politiken tresna bihurtu den SEPES lurzorua kudeatzeko sozietate publikoaren bidez.