Itxi

Merkantzien garraioa

Bidesariak kamioientzat: eta orain, zer?

Itxaso Leon Kareaga | EITB Media

Leer en Castellano

EAEko Auzitegi Nagusiak ontzat eman ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak kamioiei ezarritako bidesariak. Urtarrilean sartu ziren indarrean, Bizkaikoekin batera.

EAEko bidesarien mapa. Argazkia: EITB Media

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ontzat eman zuen astelehen honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak N-1ean eta A-15ean kamioiei ezarritako bidesaria, Fenadismer Espainiako Garraio Elkarteen Federazioak jarritako helegitea ia erabat baztertuta.

Kanona urtarrilean hasi zen kobratzen Aldundia, justiziak aurrez ezarritako beste biak (2018an eta 2021ean) baliogabetu ostean. Bizkaian ere, aste berean, indarrean sartu ziren kamioientzako bidesariak. Baina, zer eragin du oraingo onespenak? Zeintzuk dira tokian tokiko foru arauaren aplikazioaren ondorio praktikoak?

Horrela daude gauzak:

GIPUZKOA

Zein puntutan ari dira bidesariak kobratzen?

- N-1: Etzegarate, Ordizia, Tolosa, Andoain, Lasarte-Oria

- A-15: Astigarraga, Belabieta

Deskonturik egongo al da?

Epaiak helegitearen puntuetako bat onartu du; foru arauak Europako araudia urratzen zuen, gutxien kutsatzen duten ibilgailu astunentzat deskonturik aurreikusten ez zuelako. Dena dela, Aldundiak abenduan zuzendu zuen puntu hori.

Hala, motor eraginkorrak dituzten kamioiek eta garabiek tarifan % 15-25eko deskontuak izango dituzte, motorraren tipologiaren arabera:

- % 25eko deskontua: ibilgailu astun elektrikoak, hibridoak eta gas bidezkoak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) sailkapeneko O eta ECO etiketa duten ibilgailuak

- % 20ko deskontua: EURO 6 ibilgailu astunak

- % 15eko deskontua: EURO 5 ibilgailu astunak

- Beherapen horri maiztasunaren araberako deskontua gehituko zaio, % 13rainoko deskontuak iragarri baitituzte ordurako

BIZKAIA

Zein puntutan ari dira bidesariak kobratzen?

- N-240: Usansolo, Bedia, Apario, Igorre iparraldea, Igorre hegoaldea, Arantzazu, Areatza, Zeanuri, Barazar

- BI-625: Arakaldo, Zollo, Bakiola, Ugao-Miraballes, Zaratamo, Lapatza 1, Irubide

Deskonturik egongo al da?

- % 10eko deskontua: I. eta II. motako ibilgailu astunak, AP-8 autobidean eta Bilbo hegoaldeko saihesbidean

Gipuzkoako kasuan bezala, motor eraginkorrak dituzten kamioiek eta garabiek tarifan % 15-25eko deskontuak izango dituzte, motorraren tipologiaren arabera:

- % 25eko deskontua: ibilgailu astun elektrikoak, hibridoak eta gas bidezkoak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) sailkapeneko O eta ECO etiketa duten ibilgailuak

- % 20ko deskontua: EURO 6 ibilgailu astunak

- % 15eko deskontua: EURO 5 ibilgailu astunak

VIA-T duten ibilgailu guztiei kobratuko al zaie?

Kobratzeko arkuak ezarri zituztenean, zalantza sortu zen autoan VIA-T duten ibilgailu arinen gidarien artean; izan ere, gailuak ohiko soinua egiten du arkupetik igarotzean, sistemak guztiak antzematen dituelako, baina kamioiei bakarrik kobratuko zaie.

ARABA

Oraindik ez dago EAE mailako irizpide bateraturik, baina litekeena da aurki hiru lurraldeetan kamioientzako ordainlekuak izatea. Bizkaiko errepideetako bidesarietako batzuek Arabatik datozen ibilgailuei eragiten diete, gainera.

Hain zuzen ere, Araba izan da bidesariei buruzko eztabaida mahaigaineratzen azkena: 2026rako indarrean izatea da, oraingoz, asmoa.