Itxi

Metalaren hitzarmena

Adegik, ELAk eta UGTk lau urteko indarraldia izango duen Gipuzkoako Metalaren hitzarmena adostu dute

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Akordioak % 5eko soldata-igoera jasotzen du tauletan 2023rako, KPIa gehi % 0,7koa 2024rako eta KPIa 2025 eta 2026. urteetarako. Lanaldiari dagokionez, hogei urte baino gehiago murriztu gabe egon ondoren, 2 orduko murrizketa aplikatuko da 2024an.

Metaleko langileak. Argazkia: EITB Media.

Adegi Gipuzkoako Enpresen Elkarteak eta ELA eta UGT sindikatuek akordioa lortu dute Gipuzkoako Metalaren hitzarmena sinatzeko. Hitzarmenak lau urteko indarraldia (2026ko amaierara arte) eta eraginkortasun orokorra izango ditu, patronalak ostegun honetan prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Adegik eta bi sindikatuek (negoziazio-mahaian gehiengoa dute) sinatutako aurreakordioak % 5eko soldata-igoera jasotzen du tauletan 2023rako, KPIa gehi % 0,7 2024rako eta KPIa 2025 eta 2026. urteetarako.

Lanaldiari dagokionez, hogei urte baino gehiago murriztu gabe egon ondoren, 2024an 2 orduko murrizketa aplikatuko da, eta benetako lanaldia 1.695 ordukoa izango da.

Adegiren esanetan, bost hilabeteko negoziazioak eta "lan neketsu eta gatazkarik gabea" izan ondoren, "akordio ona lortu dugu enpresentzat eta langileentzat, gero eta ziurgabetasun eta aldakortasun handiagoko ingurune batean, eta horrek enpresen beharrezko egonkortasuna ekarriko du".