LAN-GATAZKA
Bizkaiko erresidentzietako beharginak langile publiko gisa aitortzeko eskatu du LABek
AGENTZIAK | EITB MEDIA
'Zaintza-lanak lan publikoak dira' lelopean, dozenaka pertsonak Bilboko erdiguneko kale nagusiak zeharkatu dituzte. Sindikatuak, "sektoreko langileen erantzuna, mobilizatzeko gaitasuna eta indarra" nabarmendu ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bizkaiko erresidentzietako beharginak langile publiko gisa aitortzeko eskatu du LABek larunbat honetan Bilbon, sindikatuak deitutako sei greba eguni eta baraualdiari amaiera emateko egindako protesta jendetsuan.
Testuinguru horretan, "negoziazioa hasteko keinu bat" eskatu diete patronalei eta Bizkaiko Foru Aldundiari, eta ohartarazi dute greba-egun gehiago deituko dituztela eta hitzarmen berria lortu arte, mobilizazioak areagoruz.
'Zaintza-lanak lan publikoak dira' lelopean, dozenaka pertsonak Bilboko erdiguneko kale nagusiak zeharkatu dituzte. Sindikatuak, "sektoreko langileen erantzuna, mobilizatzeko gaitasuna eta indarra" nabarmendu ditu, eta "Aldundiaren eta patronalaren erantzun faltaren aurrean irmo" jarraitzen dutela ziurtatu du.
"Greba hauetan argi geratu da, sektoreko langileekin batera, LAB sindikatua prest dagoela hitzarmen berria borrokatzeko. Hala aldarrikatu zuten 2021eko abenduko grebaren lehen egunetik", azpimarratu du sindikatuak, eta ziurtatu du langileak argi uzten ari direla borrokatzeko prest egon direla eta daudela.
Enpresak eta Aldundia "sektoreko hitzarmena blokeatzen" ari direla salatuta, LABek ohartarazi du greba-egun gehiago deitu eta mobilizazioak "areagotu" egingo dituela "langileena izango den" hitzarmen berri bat lortu arte, eta patronalei eta Aldundiari "erantzun bat eta negoziazioa hasteko keinu bat" eskatu die.
LABek zaintzako gizarte-zerbitzuetako erakundeen kudeaketa zuzena, benetako konpromisoak eta publifikazio-prozesua eskatzen ditu. Halaber, langileentzako bizitza eta lan-baldintza duinak.