GIPUZKOAKO METALGINTZA
ELA eta UGT sindikatuek Gipuzkoako metalgintzako hitzarmen berria sinatu dute Adegirekin
EITB MEDIA
Donostian bildu dira, KPIaren araberako soldata-igoerak aurreikusten dituen sektoreko lan-akordioaren sinadura irudikatzeko. LAB eta CCOO kritiko agertu dira akordioarekin eta ez dute sinatu. Horien ustez, hobekuntza gehiago lor zitezkeen.
Adegi patronalak eta ELA eta UGT sindikatuek (gehiengoa dute sektorean) astearte honetan sinatu dute Gipuzkoako metalgintzako hitzarmen berria. Maiatzaren 11n itxi zuten akordioa, eta gaur irudikatu dute akordioaren sinadura. Lau urterako akordioa da, 30.000 langileri baino gehiagori eragingo die, eta soldata igoerez gain, azpikontratatutako langileen subrogazioa eta euskararen normalizazio plana jasotzen ditu hitzarmenak.
Hain zuzen ere, 2023 honetarako % 5eko soldata igoera adostu dute, 2024rako KPIa gehi % 0,7koa, eta 2025-2026 urteetarako, KPIaren araberako igoera.
ELAk ohar baten bidez zabaldutakoaren arabera, hitzarmena "Hego Euskal Herriko metalaren hitzarmen onena da, soldata igoera eta eskubideetan hobekuntza nabarmenak dituena". Hala, sindikatuak nabarmendu duenez, negoziazioaren hasieran, Gipuzkoako patronala saiatu zen Bizkaian eta Araban gainerako sindikatuekin metalean adostutako edukiak eredu gisa hartzen. Hala eta guztiz ere, ELAk "aberastasuna hobeto banatzeko eta eskubide berriak sartzeko hitzarmena" sinatzea lortu duela azpimarratu du.
LAB eta CCOO, bestalde, oso kritiko agertu dira adostutako itunarekin, eta ez dute izenpetu. Bi sindikatuon iritzian, hobekuntza gehiago lortzeko aukera galdu da. LABek esan du ELAk eta UGTk patronalaren lehen eskaintzarekin amore eman dutela, eta hitzarmen hobea lortzeko aukerarik gabe utzi dituztela langileak. Bide beretik, CCOO sindikatuak nabarmendu du akordio zabalago bat lor zitekeela, hitzarmen berriak zenbait eduki positibo dituela onartu arren.
Lanaldi-murrizketa
Soldata igoeraz gain, bi orduko lanaldi-murrizketa sinbolikoa ere adostu dute, 2024an gauzatuko dena, Adegik aurreko proposamenean proposatzen zuena baino urtebete lehenago, eta UGTk akordio hori sinatzeko baldintza gisa jarri zuena. Horrela, benetako lanaldia 1.695 ordukoa izango da. Murrizketa horren ondorioz, Gipuzkoako metalaren hitzarmena lanaldi laburrena duena izango da Estatuan, Nafarroakoarekin batera.
Akordioak jasotzen du, halaber, laneko gaixotasunagatiko edo lan-istripuagatiko bajak soldataren % 100eraino osatuko direla, nahiz eta "in itinere" izandako istripuak kanpoan utzi.
Era berean, euskararen normalizazioa bultzatzeko neurriak hartuko dira, bai eta LGTBIQ+ kolektiboarentzako lizentzien edo eskubideen hobekuntzak ere.