Euskal enpresak
CAFen hidrogenozko trenak arrakastaz gainditu ditu lehen probak Zaragoza-Canfranc linean
EITB Media
Egitasmoak 14 milioiko aurrekontua dauka eta hainbat enpresak osatutako partzuergo bat ari da garatzen. CAF da horietako bat.
Beasaingo CAF enpresa parte hartzen ari den eta hidrogeno bidez mugitzen den trena garatzea helburu duen FCH2Rail egitasmoak arrakastaz gainditu ditu lehen probak Zaragoza-Canfranc trenbidean. Enpresak jakitera eman duenez, ibilbidea egin duen tren erakuslea ongi iritsi da Canfranc-eko geltokira. Lorpena mugarri garrantzitsutzat jo du; izan ere, zehaztu duenez, "Canfranceko linea eskakizun handiko linea da bertako aldapa handi eta altuak direla eta. Horiek guztiek energia sortzeko ontziratutako sistema berrientzako erronka handia dira".
Enpresaren hitzetan, trena modu elektrikoan ibili da Zaragoza-Canfranc lineako zonalde elektrifikatuan. Elektrifikatuta ez dagoen tartean, aldiz, modu hibridoan aritu da, hidrogeno-piletatik eta baterietatik eratorritako energia konbinatuz.
Lehen ibilaldi honen ondoren, probetako fasea beste trenbide batzuetara eramango dute, batik bat, Aragoi, Madril eta Galiziako lineatara. Hidrogeno-pilak erabiltzen dituen bi modutako teknologia berri hau klima eta operazio arloko baldintza ezberdinetan erabiliko dute eta, gaur egun linea askotan erabiltzen den, diesel-trakzioarekiko alternatiba jasangarri gisa dituen aukerak aztertuko dituzte.
Egitasmoa 2021eko hasieran jarri zen martxan eta 2024. urtearen amaierarako amaitzea dago aurreikusita. 14 milioi euroko aurrekontua dauka eta honako enpresa hauek osatu duten partzuergoak bideratu du: CAF, DLR, Toyota, Renfe, Adif, CNH2, IP eta Stemmann-Technik.
Renferen aldirietako egungo unitate bat hartu dute oinarritzat egitasmoa garatzeko. Unitate horretan, CAFek soluzio berri bat instalatu du, hidrogeno-piletatik eta baterietatik eratorritako energia hibridatuta, energia elektrikoa sortzeko. Aldi berean, sistema berria ibilgailuan lehendik zegoen trakzio-sistemarekin integratu du.