Lan-gatazka
Gasteizko tranbian datorren astean egitekoak ziren lanuzteak bertan behera utzi dituzte
Agentziak | EITB Media
Goizeko eta arratsaldeko txandetan batzarrak egin dira, eta horietan Euskotrenen azken eskaintza eta enpresak osteguneko bileran erakutsitako "negoziatzeko jarrera" baloratu dituzte langileek.
Gasteizko tranbiako langileek gaur lan-baldintzen hobekuntzak eskatzeko lanuzteei amaiera ematea erabaki dute, eta, beraz, datorren asterako aurreikusita zeudenak bertan behera geratu dira.
Goizeko eta arratsaldeko txandetan batzarrak egin dira, eta LABek jakinarazi duenez, Euskotrenen azken eskaintza eta enpresak osteguneko bileran erakutsitako "negoziatzeko jarrera" baloratu dituzte beharginek.
Langileen batzarrek datorren asteko astelehenetik ostiralera arte aurreikusitako lanuzteak bertan behera uztea erabaki dute, txanda bakoitzean bi ordukoak, eta Euskotreni negoziazio mahaia lehenbailehen deitzea eskatu diote, oraindik dauden desadostasunak negoziatu ahal izateko eta "gatazka hau alde guztientzat modu egokian ixteko".
LABek atsekabea agertu du gaur arte egindako lanuzteek herritarrei eragin ahal izan dizkieten eragozpenengatik, baina azaldu du mobilizazio horiek "ezinbestekoak" izan direla "kalitatezko zerbitzu seguru baten aldeko borrokan".
LABek, CCOOren babesarekin, lanuzteak deitu zituen langileen lan-karga handia salatzeko, eta orain sindikatuek hainbat gai negoziatu beharko dituzte, besteak beste, asteburuetako eta abuztuko lan txandak, oraindik adostu gabe daudenak.