Itxi

Lan gatazka

Gorabideko langileek gaur abiatuko dute ostiralera arte deitutako bost greba egunetako lehena

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Negoziazioaren blokeoaren aurrean, ELA, LAB eta ESK sindikatuek bost greba egun gehiago deitu dituzte ekainaren 12, 13, 14, 15 eta 16rako. Batzordeak ez du baztertzen "greba mugagabea" baloratzea, aldarrikapenak lortu ezean.

Gorabideko langileen manifestazioa, maiatzean. Artxiboko argazkia: EITB Media

Gorabideko langileek gaur hasiko dute ostiralera arte (ekainak 16) deitu dituzten bost greba egunetako lehena, eta ez dute baztertzen greba mugagabea abiatzea, enpresak eta Bizkaiko Foru Aldundiak negoziatzeko erakutsi duten "borondate eza" ikusita, zerbitzuaren "azken bermatzaileak" horiek baitira.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek, Gorabideko zentroarteko batzordeko kide diren aldetik, "gatazkaren egungo egoeraren errudunak" izatea leporatu diete erakundeetako eta enpresetako arduradunei.

Sindikatu horien ustez, foru erakundeak blokeoa mantenduz erakutsitako "arduragabekeria oso larria" da, eta, horien ustez, "beren titularitatepeko zerbitzu publikoen kalitatea zein gutxi axola zaien erakusten du", eta, idazki bateratuan erantsi dutenez, "askoz gutxiago axola zaie zaintzen ditugun pertsonen eta haien senideen egoera".

Sindikatuek beste proposamen bat helarazi zioten Txema Franco Gorabideko gerenteari duela 20 egun baino gehiago, negoziazioa desblokeatzea errazteko, baina enpresako zuzendaritzak "ez du erantzun, eta ez da batzordearekin bildu".

ELA, LAB eta ESK sindikatuentzat, irtenbidea erosahalmena berreskuratzea bermatuko duen hitzarmen bat da; izan ere, zehaztu dutenez, 2023ko urtarrilaren 1ean langileek % 13,49ko erosahalmena galduta zuten soldatetan.

Beren aldarrikapenen arabera, sindikatuek "egutegirik gabeko behin-behineko kontratuak ezabatzea eskatzen dute, langileen herenari erdi-esklabotza ezartzen diotenak", bai eta kontziliazio neurriak hartzea ere, emakumezkoak gehiengo diren plantillaren baldintzak hobetzeko.

Horregatik, eta negoziazioaren blokeo egoera horren aurrean, hiru sindikatuek bost greba egun gehiago deitu dituzte ekainaren 12, 13, 14, 15 eta 16rako.

Bost egun horietarako, langileek manifestazioak antolatu dituzte. Gaur, hilak 12, EITBren egoitzatik abiatuko dute; asteartean, hilak 13, hileta sinbolikoa egingo dute Foru Jauregiaren aurrean; asteazkenean, hilak 14, interpelazioa aurkeztuko dute Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan, Bilbon; ostegunean, hilak 15, eta ostiralean, hilak 16, berriz, kanpaldia eta mobilizazio jarraitua egingo dute Gorabide enpresaren egoitzaren aurrean, Bizkaia plazan.

Mobilizazio horien ostean, "Gorabideko Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arduragabekeriak" jarraitzen badu, batzordeak ez du baztertzen "bere borrokan urrats irmoagoak ematea, eta greba mugagabea deitzea baloratuko du".