Osasuna
Osakidetzak sindikatuak deitu ditu, udan anbulatorioetan eta EAGn izango dituzten aldaketen berri emateko
Agentziak | EITB Media
Aldaketen helburua zerbitzuak eskaera aldaketetara "egokitzea" eta profesionalen "atsedena erraztea" da.
Osakidetzak mahai sektorialaren beste bilera batera deitu ditu sindikatuak, Lehen Mailako Arretako zentroen eta Etengabeko Arretako Guneen (EAG) udarako behin-behineko plangintzaren berri emateko, bai eta EAGn eta larrialdietan autokontzertaziorako prezio berriekin negoziatu beharreko eskaintza bat aurkezteko ere.
Euskal Osasun Zerbitzuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "uda eta oporraldi guztietan bezala", Lehen Mailako Arretako zentroen eta EAGen lanaldiak aldatuko dira.
Horren arabera, aldaketek helburu hau dute: zerbitzu horiek egun horietan gertatzen diren eskaera aldaketetara "egokitzea" eta osasun zentroetako profesionalen "atsedena erraztea".
Osakidetzaren hitzetan, "ohi bezala, zentro batzuetan, gehienetan, arreta ordutegia mantenduko da", eta beste batzuetan, berriz, "langileak indartuko dira". Hala ere, "kasu batzuetan, arreta ordutegia murriztu" egingo da edo zentroak "unean-unean edo uda osoan itxita" egongo dira.