Europako Banku Zentrala
EBZk ez dio AEBko Erreserba Federalak ezarritako bideari jarraituko, eta interes-tasak berriro igoko ditu gaur
EITB Media
Europako Banku Zentralaren Gobernu Kontseilua gaur bilduko da interes-tasekin zer egin erabakitzeko, AEBn eta eurogunean inflazioa moteltzen ari den honetan.
Europako Banku Zentralak (EBZ), aurreikuspenen arabera, interes-tasak laurden bat igoko ditu gaur, eta, ondorioz, tasa ofiziala % 4an geratuko da, nahiz eta Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalak (Fed) igoerak aldi baterako eten zituen atzo.
Europako Banku Zentralaren Gobernu Kontseilua gaur bilduko da interes-tasekin zer egin erabakitzeko, Ameriketako Estatu Batuetan eta eurogunean inflazioa moteltzen ari den honetan.
AEBn, inflazioaren urte arteko tasa % 4koa izan zen maiatzean, apirilean baino bederatzi hamarren txikiagoa, adierazlea 2022ko uztailean jaisten hasi zenetik izandako bigarren jaitsierarik handiena.
Eurogunean, inflazio-tasa orokorra bederatzi hamarren jaitsi zen urte arteko % 6,1eraino, eta azpiko inflazioa, energiaren, elikagai freskoen, alkoholaren eta tabakoaren eragina alde batera utzita, hiru hamarren jaitsi zen, % 5,3raino.
Hala ere, Christine Lagarde EBZko presidenteak ekainaren 5ean adierazi zuenez, "ez dago azpiko inflazioak goia jo duen esateko froga argirik", eta interes-tasak "gehiago igotzeko" helburua berretsi zuen, inflazioa % 2raino jaisteko.
Horrela, ziurtzat jotzen da gaur beste igoera bat adostuko dela, zortzigarrena jarraian. Euroguneko tipoek, beraz, duela 20 urte euroa zirkulazioan jarri zenetik inoiz izandako marka guztiak hautsiko dituzte. Tasa ofizialari dagokionez, % 4koa izango da, eta % 3,50ekoa, berriz, gordailutzeko erraztasun-tasari dagokionez.
Gaurko erabakiak, ziurrenik, % 4tik gora bultzatuko du euriborra, 2008tik lortu ez den mailan utzita, eta, beraz, espero izatekoa da banketxeek hipotekak emateko irizpideak gogortzen jarraitzea eta, oro har, kredituari iturria ixtea.
Merkatuek ez dute tasa jaitsierarik espero 2023aren amaiera baino lehen, baina oraindik ez dago jakiterik igoerak uztailean geldituko diren edo udan zehar jarraituko duten.