Itxi

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Zaldibarko zabortegiaren lurrak "egonkor" daude eta ez dago erortzeko arriskurik, Tapiaren esanetan

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

Sailburuak azaldu du Jaurlaritzak hasierako mantenu lanak egin zituela, baina hortik aurrera Verter Recycling enpresaren administratzaile konkurtsalari zegokiola horiekin jarraitzea, eta ez dituela egin. "Hiru errekerimendu egin dizkiogu eta jarraipen zehatza egin diogu gaiari", azpimarratu du.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren esanetan, 2020ko otsailean amildu zen Zaldibarko zabortegiaren lurrak "egonkortasun maila baxuenean daude". Dena dela, mailarik baxuenean egonda ere, azpimarratu duenez, "egonkor daude", eta "une honetan ez dago erortzeko arriskuan". "Izugarrizko eurite bat bada zerbait desplaza daiteke? Edozein menditan gerta daiteke, baina gaur-gaurkoz, egonkor dago", azaldu du. 

Jaurlaritzak berak eskatuta, Geologia y Geotecnia Larrea enpresak txostena egin berri du zabortegiaren lurren egonkortasuna aztertzeko, eta bertan jasotzen denez (Naiz eta Berria egunkariek zabaldu dute), hura erortzeko arriskua dago berriro. Informazio hori zabaldu eta biharamunean, elkarrizketa eskaini du sailburuak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Tapiaren hitzetan, Jaurlaritzak "urgentziazko lanak" egin zituen hondamendia gertatu eta gutxira, lurrak egonkortu eta behin-behinean zigilatzeko. Lan horiek sortutako zorra kitatzea eta ondorengo mantenu lanak egitea Verter Recycling enpresako (hartzekodunen konkurtsoan dago) administratzaile konkurtsalari zegozkiola argitu du sailburuak, baina "zegoen diru gutxiarekin" ez dituela egin. "Berea da ardura", erantsi du.

Bien bitartean, Jaurlaritzak arlo honetan "gauza asko" egin dituela azpimarratu du: "Txostenak bideratu ditugu, ikuskapenak egin, hiru errekerimendu helarazi dizkiogu administratzaile konkurtsalari, eta epaile eta Fiskaltza jakinaren gainean daude... Jarraipen zehatza egin zaio". Azaldu duenez, orain beste txosten batek ondorioztatu du administratzaile konkurtsalak baduela "nahiko diru lan batzuk egiteko eta segurtasun maila hori gorago eramateko, egonkortasuna igotzeko". Hori horrela dela egiaztatzeko ikuskapenak egingo ditu Jaurlaritzak, sailburuaren esanetan.  

Azkenik, Eitzaga auzoko lur horietan industriagune bat egiteko aukeraz galdetuta, Tapiak argitu du adituen txostenak irmoak izan direla: "(lur) Horien gainean ezin da ezer ere egin". Jaurlaritzak, bada, ez dio "baliorik ikusten" inguru horri, "segurtasuna jaitsi delako eta gastuak dituelako", eta hala jakinarazi die epaileari, fiskalari eta administratzaile konkurtsalari.

Audioak (1)