Itxi

Alemaniako banku zentrala

Bundesbankek erreskatea herrialde gisa eskatzeko esan dio Espainiari

Erredakzioa

Alemaniako banku zentralaren presidentearen iritziz, Espainiak arazo oso larriak ditu eta lehenbailehen esku hartu behar dela uste du. Bestalde, Gobernuak BEZa irailean igoko duela iragarri du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Jens Weidmannek, Bundesbank Alemaniako banku zentralaren presidenteak, erreskatea banketxeentzat ez ezik, herrialdearentzat eskatzeko gomendatu dio Espainiari.

"Banketxeen kontuak ekonomia osoaren isla izan ohi dira", esan du Weidmannek Börsen Zeitung Alemaniako egunkarian.

Horren iritziz, Espainiak arazo oso larriak ditu, besteak beste langabezia tasa eta defizita, eta ondorioz, lehenbailehen esku hartu behar dela uste du.

Bundestagek (beheko ganbara) uztailaren 19an bozkatuko du Espainiako banketxeen laguntza babesten duen ala ez, baina ez da ezustekorik espero, izan ere, Gobernuak eta oposizioak neurriaren alde bozkatuko dutela uste da.

BEZa irailean igoko da

Cristobal Montoro Ogasun ministroak iragarri duenez, BEZ zergaren igoera irailaren 1ean izango da, beharrezko denbora eskaini eta jarduera ekonomikoari kalterik ez egiteko.

BEZ zergaren tipo orokorra % 18tik % 21era igoko da eta murriztua % 8tik % 10era. Oinarrizko elikagaiei dagokien BEZa, berriz, bere horretan utziko dute, % 4an, "gizartea bereziki ez kaltetzeko".

Garraioak, ostalaritzak, turismoak eta elikagai gehienek, edari freskagarriak barne, BEZ murriztuaren atalean jarraituko dute. Aldizkarietan eta egunkarietan ere % 10eko BEZa ordainduko dugu. % 21eko atalean izango dira aurrerantzean ileapaindegi eta estetika zerbitzuak, diskotekak, hileta zerbitzuak eta ikuskizunak (antzokiak, zinema, kirol ikuskizunak, kontzertuak, museoak eta zoologikoak, besteak beste). Betaurrekoen eta lentillen zerga ere igo egingo da.

Gainera, Montorok gogorarazi du 2013ko urtarrilaren 1ean desagertu egingo dela etxea erosteagatik ematen zuten kenkaria, eta etxebizitza berria erosteko, orain arte BEZa % 4koa bazen, ordutik aurrera % 10ekoa izango da.



Albisteak (3)

Bideoak (1)