Lan gatazka
Gorabideko langileek berretsi egin dute LAB eta ESK sindikatuek enpresarekin adostutako aurreakordioa
EITB Media
Negoziazioaren blokeoaren aurrean, ELA, LAB eta ESK sindikatuek bost greba egun gehiago deitu dituzte ekainaren 12, 13, 14, 15 eta 16rako. Batzordeak ez du baztertzen "greba mugagabea" baloratzea, aldarrikapenak lortu ezean.
Gorabideko langileen batzarrek berretsi egin dute LAB eta ESK sindikatuek enpresarekin adostutako aurreakordioa, LABek gaur goizean ohar bidez adierazi duenez. Hobekuntzak hainbat dira, besteak beste, langile guztiei soldata % 23,76 igotzea.
Azken hilabeteetan, Gorabideko langileek 26 greba egun egin dituzte lan hitzarmena berritzeko eta soldatak eguneratzeko. ELA, LAB eta ESK sindikatuek salatu izan dutenez, 2023ko urtarrilaren 1ean langileek % 13,49ko erosahalmena galduta zuten soldatetan.
LABek azpimarratu duenez, KPIaren gainetik dagoen soldata igoera lortu dute. "Akordio honekin gainditu egin dira Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gorabidek sektorean inposatu nahi zituzten soldata mugak, euren esanetan mugiezinak zirenak", gaineratu du.
Akordio horretan, neurri sozialak ere jasotzen dira: 8 egun libre, seme-alabak 14 urte izan arte lanaldi murrizketak izateko aukera, 70 urtetik gorako gurasoei laguntzeko lizentziak edo errelebu kontratua.
Beste aldarrikapen batzuk "sakontzeko eta eztabaidatzeko" aukera emango duten konpromisoak ere jasotzen ditu, hala nola lanaldi partzialak eta behin-behinekotasun tasa % 10etik behera jaistea.