Itxi

Lan-istripua

35 eta 36 urteko bi langile zauritu dira erredurekin Tafallan

EITB Media

Leer en Castellano

35 urteko gizonezkoa helikopteroz eraman dute Zaragozako Miguel Servet Unibertsitate Ospitalera, erredura larriak dituelako, eta 36 urtekoa, berriz, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, pronostiko erreserbatuko erredurak baititu.

Nafarroako Gobernuaren helikopteroa. Irudia: 112 SOS Nafarroa

Bi langile zauritu dira gaur arratsaldean Tafallan, fabrika batean izandako lan-istripuan.

Foru Gobernuak jakitera eman duenez, SOS Nafarroa 112 zerbitzuko larrialdiak kudeatzeko gelak 13:45ean jaso du abisua, Tafallako automobilgintzarako eta aplikazio industrialetarako piezen fabrika batean izandako lan-istripu baten berri emanez.

Ezbeharra 35 eta 36 urteko gizonei, hurrenez hurren, lurrunak eta ur oso beroak busti eta hainbat erredura eragin dizkietenean gertatu da.

Bi anbulantzia (horietako bat medikalizatuta) eta Tafallako lehen arretako talde bat bertaratu dira, eta zaurituak istripua izan den lekuan artatu dituzte. Lehen balorazioa egin ondoren, 36 urteko gizona Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute, pronostiko erreserbatuko erredurekin.

Zauritutako beste langilea, 35 urteko gizonezkoa, Zaragozako Miguel Servet Unibertsitate Ospitaleko Erredura Handien Unitatera eraman dute helikopteroan, lehen eta bigarren mailako erredura larriak izan dituelako.

Foruzaingoaren patruila bat ere bertaratu da, istripua zerk eragin duen ikertzeko.