Empresa
Tubos Reunidoseko presidente Francisco Irazustak kargua utzi du erronka berriei aurre egiteko
Agencias | EITB Media
Nazioarte mailako eskaintza profesional garrantzitsu bat jaso ostean hartu duela erabakia jakinarazi du enpresak ohar bidez. Presidente berria izendatu bitartean, Emilio Ybarra presidente ordeak beteko ditu haren funtzioak.
Francisco Irazusta Rodriguezek Tubos Reunidoseko presidenteak kargua utzi du, enpresak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari ohar bidez jakinarazi dionez. Lanpostua abuztuaren 31an utziko duela zehazten du oharrak "Espainiatik kanpoko nazioarteko enpresa batek eskainitako erronka onartu duelako".
Argitaratu den informazioaren arabera, "modu pertsonal eta profesionalean hazteko aukera emango dion eta familiarentzat eta beretzat oso garrantzitsua den eskaintza jaso du nazioartetik".
2020ko apirilean presidente kargua hartu zuenetik, Tubos Reunidos enpresaren egoera "hobetu egin dela" ziur dago Irazusta. "Kontseilua eta zuzendaritza taldea egiten ari diren lan itzelari esker, esku artean daukaten anbizio handiko Estrategia Plana gauzatuko" dutela uste du.
Irazustak kargua uzten duen unetik eta presidente berria izendatu arte, Emilio Ybarra Aznar presidente-ordeak beteko ditu haren funtzioak.