Nafarroako Volkswagen
Seatek VWk Landabenen hartu nahi duenaren antzeko bateria lantegi bat eraikiko du Martorellen
EITB Media
Instalazioak Saguntotik datozen bateria-gelaxkak muntatuko ditu, eta 10. tailerrarekin konektatuta egongo da. Tailer hori ere Martorellen egongo da, eta Volkswagen taldeak hainbat ibilgailu elektriko egingo ditu bertan, besteak beste, Cupra Raval.
Volkswagen taldeko Seat enpresak bateria-gelaxkak muntatzeko lantegi bat eraikiko du Martorellen (Bartzelona). Proiektu horrek 300 milioi euroko inbertsioa izango du. Volkswagen Nafarroak Landabenen hartu nahi duen lantegiaren antzekoa izanen da.
Wayne Griffiths Seateko presidenteak azaldu duenez, lanak "datozen asteetan" hasiko dira, 2025erako amaituta egongo direlakoan. Lantegi berri honetan 400 behargin inguruk lan egingo dute, zeharkako ehun bat lanpostu gehituz.
Seateko presidenteak nabarmendu duenez, instalazio berriek 64.000 metro karratu hartuko dituzte, hau da, bederatzi futbol-zelairen baliokidea.
Fabrikak Saguntotik datozen bateria-gelaxkak muntatuko ditu, eta 10. tailerrarekin konektatuta egongo da. Tailer hori ere Martorellen egongo da, eta Volkswagen taldeak hainbat ibilgailu elektriko egingo ditu bertan, tartean, Cupra Raval.
Iragan apirilean, Volkswagenek Nafarroako zuzendaritzari eta enpresa batzordeari jakinarazi zion bateriak muntatzeko lantegia Landabenen jartzeko aukera aztertzen jarraituko zuela "testuinguru berrietan oinarrituta".
Hala ere, Nafarroako Volkswageneko zuzendaritzak lantegiko enpresa-batzordeari jakinarazi zionez, "ez zegoen berritasunik" baterien gelaxkak muntatzeko fabrikari dagokionez. Alfredo Morales batzordeko presidenteak gogorarazi zuenez, enpresako zuzendaritzak jakinarazi zuen bateriak egiteko fabrika "proiektu beharrezkoa eta erakargarria" zela Nafarroako Volkswagenentzat, "baina egun finantzaketarik ez zuen proiektua zen".