Erreskatea
Espainiak zorra ere erosi ahal izango du erreskateko diruarekin
Erredakzioa
Banketxeei lagundu ondoren, 100.000 milioi euro horietatik dirua sobratuko balitz, diru hori merkatuetara bideratzeko aukera izango du.
Alemaniako Parlamentuak gaur onartuko du Espainiari finantza erreskatea ematea, eta hango diputatuek jaso duten dokumentazioak dio Espainiak banketxeei emateko soilik ez, zorra erosteko ere erabili ahal izango duela 100 mila milioi euroko erreskatea.
Baldintza guztiak betez gero, 100.000 milioi euroko erreskate hori osorik eskatu ahal izango du Espainiak. Banketxeei lagundu ondoren dirua sobratuko balitz, diru hori merkatuetara bideratzeko aukera ematen du Europak Espainiaren zorra erosteko eta, modu horretan, arrisku saria jaisteko.
Beraz, bankuentzako erreskate gisa ez ezik, gehiagorako ere balio dezake Europaren laguntza horrek.
Aipatutakoaz gain, zorra jaulkitzeko berme gisa edota muturreko egoeretarako kreditu gisa ere erabil daiteke soberan egon daitekeen dirua.