Itxi

Euskal enpresak

Confebaskek erakundeei eskatu die Euskadiren erronka demografikoari "erantzun bateratu eta urgentea" emateko

A. S. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ekonomia uste baino hobeto joan bada ere, Tamara Yague erakundeko presidente izendatu berriak hazkunde ekonomikoa, aberastasuna eta enplegua sustatuko dituen fiskalitate baten beharra azpimarratu du.

Tamara Yague, Confebaskeko presidente berria.

Confebask Euskal Enpresarien Konfederazioak erakundeei dei egin die Euskadik duen erronka demografikoari erantzun bateratua eta premiazkoa emateko. "140.000 pertsona erakarri beharko ditugu belaunaldien arteko erreleboa betetzeko eta gure enpresen hazkundeari eusteko", esan du Tamara Yague erakundeko presidente izendatu berriak.

Confebaskek udako ohiko Kontseilu Nagusia egin du gaur goizean, eta bertan baieztatu da Isabel Busto orain arteko presidentearen ordez Tamara Yague arituko dela datozen lau urteetan presidente karguan. Lehen hitzaldian ziurtatu duenez, "ekonomia uste baino hobeto joan da" eta 2023rako BPGaren hazkundearen aurreikuspena % 1,5 inguruko tasari eustea aurreikusi du. Dena dela, azpimarratu du udazkenean jarduera moteldu egingo dela, nahiz eta ez den atzeraldirik aurreikusten.

Gai orokorrez harago, Confebaskeko presidentearen arabera, badira enpresaburuak kezkatzen dituen hainbat kontu, hala nola, langile falta, marjinen eta errentagarritasunaren murrizketa, finantzatzeko gero eta zailtasun handiagoak tasen igoeragatik edo Euskadin dagoen lan-absentismo handia.

Hala, hurrengo urteetarako erronken artean, lanerako prest dauden pertsonak erakartzeko estrategia bateratua, adostua eta koordinatua planteatu die erakundeei. Presidente berriaren hitzetan "140.000 pertsona inguru erakarri" beharko direla iragarri du "belaunaldi-erreleboa betetzeko eta Euskadiko enpresen hazkundeari eusteko".

Era berean, adin txikienekoen artean hezkuntza- eta lanbide-orientazioa hobetzeko beharra antzeman du Confebaskek enpresa- eta industria-bokazioak sustatzeko, baita hazkunde, aberastasun eta enplegu gehiago sortzera bideratutako ikuspegi fiskal berri bati heltzeko ere, ongizate estatua finantzatzeko baliabide publikoak lortzeko bermerik onena den aldetik.

Hitzaldiaren amaieran Yaguek lau mezu helarazi ditu: "Enpresaburuari aitorpen sozial handiagoa ematea, akordioari eta elkarrizketa sozialari balioa ematea, emakumeen lidergoa areagotzea eta lankidetza publiko-pribatua bultzatzea enpresa-munduan".