Balantzea
Mondragon Korporazioak 10.607 milioi lortu zituen salmentetan 2022an, aurreko urtean baino % 10,7 gehiago
EITB Media
2023ko Kongresua egin dute gaur arratsaldean Donostiako Kursaalean. Korporazioak Ezagutza Dibisio berri bat sortuko duela iragarri du.
Mondragon Korporazioko kooperatibek 10.607 milioi euroko salmentak izan zituzten 2022an, aurreko urtean baino % 10,7 gehiago. Enpleguari dagokionez, batez besteko plantilla 68.879 pertsonakoa da, eta igoera txiki bat izan du aurreko ekitaldiaren aldean. Nabarmendu beharreko beste datu bat inbertsioen kopurua da, 347 milioi eurokoa, oro har, eta aurreko urtekoa baino % 11,8 handiagoa, Korporazioak ohar batean jakinarazi duenez.
Mondragonen Korporazioaren 2023ko Kongresua izan da gaur arratsaldean Donostiako Kursaalean. Guztira 650 konpromisario egon dira deituta hitzordu horretara, Korporazioko kooperatiba guztien ordezkari gisa.
Emaitzen arabera, kooperatiba gehienak gai izan dira "ekitaldi zaila" gainditzeko. Hala, Iñigo Ucin Korporazioko presidenteak taldearen bilakaera positiboa azpimarratu du, "testuinguru zail batean, Errusiak Ukraina inbaditu izanak eta horrek merkatuetan dituen ondorioek erabat baldintzatuta".
Era berean, taldeak 2023ko lehen bost hilabeteetan izan duen bilakaera positiboa izan da, nahiz eta merkatuetan atzeraldi sintoma batzuk hautematen diren. Horrela, Mondragonek lehen bost hilabeteetan izan duen bilakaerak gorantz jarraitzen du, salmentetan % 6,5eko hazkundea izan baitu aurreko urtearen aldean.
Ezagutza Dibisio Berria
Bestalde, gaurko biltzarraren beste puntu azpimarragarrienetako bat Mondragonen 'Ezagutza Dibisioaren egituraketa' izan da, dibisio berean integratzeko eta bere erakunde guztien arteko lankidetza bultzatzeko: ikastetxeak (Arizmendi Ikastola, Politeknika Txorierri eta Lea Artibai), Mondragon Unibertsitatea (bere hiru fakultateekin: ingeniaritza, enpresagintza eta humanitateak) eta zentro teknologikoak (Ikerlan, MIK, Lortek eta Leartiker).
Azken finean, Mondragonen "ekosistema" kontzeptua indartzen laguntzeko beste urrats bat da. 11 erakunde eta 2.000 pertsona inguru biltzen dituen Dibisio berriak 150 milioi euro inguruko aurrekontua du, "ezagutzaren esparruan proiektu sozioenpresarial indartsuagoa garatzeko eta, gainera, etorkizunean erronka konplexuagoei aurre egiteko".