2022ko Errenta
Foru ogasunek 1.200 milioi euro itzuli dizkiete orotara zergadunei
EITB Media
Bizkaia izan da 2022ko errentaren kanpainari buruzko datuak ematen azkena. Azken emaitza negatiboa izan du; 90 milioi gehiago itzuli ditu. Araban ere balantzea negatiboa izan da. Gipuzkoako eta Nafarroako ogasunentzat, ordea, positiboa izan da.
Bizkaiko Foru Ogasunak gaur argitaratu ditu 2022ko errenta kanpainari dagozkion datuak. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako datuak batuz gero, ogasunek 1.223,7 milioi euro itzuli dizkiete aurten herritarrei kanpaina honetan.
Kanpaina amaitu ondoren, Bizkaiak 90 milioi euroko balantze negatiboa izan du; alegia, jaso dituenak baino 90 milioi gehiago itzuli behar izan ditu. Zehazki, 414 milioi euro jaso ditu Foru Ogasunak kanpaina honetan zehar eta, kontrara, 503,8 milioi itzuli behar izan ditu.
Arabaren kasuan ere kanpainak balantze negatiboa izan du. Foru Ogasunak 140 milioi euro itzuli dizkie lurraldeko zergadunei. Jasotakoak, aldiz, 114 milioi euro izan dira. Beraz, jaso dituenak baino 26 milioi euro gehiago itzuli ditu.
Ifrentzuan daude Gipuzkoako eta Nafarroako ogasunak. Gipuzkoakoak, zehazki, 334,2 milioi euro itzuli ditu, baina 373,9 milioi jaso ditu. Ondorioz, kasu honetan, 39,6 milioiko aldea izan du bere alde Ogasunak.
Nafarroan ere azken emaitza Foru Ogasunaren aldekoa izan da. Izan ere, 245,7 milioi euro itzuli dizkie zergadunei 2022ko errentaren kanpainan, baina 257,1 milioi jaso ditu bueltan. Beraz, 11,4 milioi euroko aldea izan du.
Guztira, 1.614.280 errenta aitorpen egin dira kanpaina honetan lau lurraldeetan: 189.182 Araban, 653.723 Bizkaian, 401.749 Gipuzkoan eta 369.626 en Nafarroan.