OGASUNA
Gasteizko txosnen batzordeak TicketBai ezartzea ekiditeko alegazioak aurkeztu ditu
EITB MEDIA
Ramiro Gonzalez Arabak diputatu nagusiak jakitera eman duenez, txosnen ordezkariek Aldundiari helarazi diote herritar guztiek dituztela betebehar fiskalak, baina, era berean, txosnen kasuan betekizun hori ekiditeko arrazoiak badaudela ere uste dute.
Andre Maria Zuriaren jaiak ate-joka direla, Gasteizko Txosna Batzordeak TicketBai sistema ezartzea ekiditeko alegazioak aurkeztu ditu. Hala jakinarazi du Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak, Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Zehaztu duenez, txosnen ordezkariek Aldundiari helarazi diote Ogasunaren aurrean herritar guztiek dituztela betebeharrak, baina txosnen kasuan, duten izaeragatik, TicketBai sistema ekiditeko arrazoiak badirela.
Duela hamar egun inguru, Arabako Aldundiak iragarri zuen txosnetan ere TicketBai sistema ezartzeko asmoa zutela, eta datorren ostiralean hastekoak diren festetarako prest izan nahi dutela.
Azken egunotan, gaia aztertu eta alegazioak aurkeztu dituzte txosnek, eta bi dira mahai gainean jarri dituzten arrazoi nagusiak: batetik, irabazi asmorik gabeko elkarteak dira txosnen atzean dauden elkarteak, eta, beraz, ez lukete diru-etekinik izango. Eta bestetik, festetarako egun gutxi geratzen direla kontuan izanda, sistema ezartzeko zailtasunak izango lituzkete.
Orain, Aldundiko Ogasun Sailak alegazioak aztertzen ari da, eta festak hasi aurretik eman beharko du erantzun bat, diputatu nagusiak ziurtatu duenez.